Lurgaiak Lasaoko baso proiektuaren gainean leporatu dizkionak ukatu ditu aldundiak

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 16a

(Argazkia: Lurgaia)

Fundazioak egotzi dion erabakimena ukatu du erakundeak; finkaren "jabetza pribatua" dela azpimarratu, eta erabakiak "jabeei soilik" dagozkiela adierazi du. Lursail horietan bestelako ustiapen egitasmo baterako asmorik ez dagoela dio, halaber, aldundiak.

Lurgaia fundazioak Lasaon bertako basoa berreskuratzeko proiektua "zapuztu" izana egotziz zabaldu duen komunikatuan esandakoei erantzun die Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gukara igorritako lau puntuko oharrean, Lurgaiak leporatu dizkion esku hartzea eta jarrerak ukatu ditu erakundeak.

Kutxabanken Lasaoko Markes Bason bertako basoa berreskuratzeko proiektua gauzatzen hasteko akordioa ixtear zirela, aldundiak esku hartu eta proiektuari zein Lurgaiaren parte hartzeari "betoa" jarri zizkiela adierazi du fundazioak. Aldundiak, ordea, ukatu egin du halako parte hartzerik eduki izana. Finkaren "jabetza pribatua" dela azpimarratu, eta erabakiak "jabeei soilik" dagozkiela adierazi du erakundeak: "Soilik jabe pribatuei dagokie haren kudeaketaren norabidea zehaztea, bultzatzen dituzten ekimenak definitzea edo laguntzaile izango diren erakundeak aukeratzea". Azken puntu horri dagokionez, "ez laguntzaileak hautatzeko prozesuan, ez eta mendi pribatuetako proiektuei buruzko erabakietan ere", aldundiak ez duela esku hartzen gaineratu du.

Berak landutako proiektua bertan behera utzita, Markes Basorako "azken erabakia egurra ekoizten jarraitzea" izan dela dio Lurgaiak bere idatzian. "Eskuragarri dagoen informazioaren arabera, ez dago halako akordiorik edo proiekturik", dio aldundiak, lursail horietan bestelako ustiapen egitasmo baterako asmorik ez dagoela adieraziz. "Finka horren kudeaketa erabakiak jabetzaren esku daude esklusiboki", zehaztu du erakundeak.

Lurgaiak egozten dion basogintza eredu jakin baten aldeko jarrera eta neurriak ere ukatu egin ditu aldundia: "Iradoki da aldundiak lurralde osoa eredu bakar batera bideratzeko estrategia bat izango lukeela. Ez dago halako planteamendurik", irakur daiteke erakundearen oharrean. Erakundeak bere jarduera baso eta ingurumen arloko eskumenen baitan garatzen du; kontserbazioari, berreskurapenari eta kudeaketa jasangarriari lotutako lan-ildo ezberdinak ditu, eta ez da sartzen baso jabe pribatuek bere baitan egin ditzaketeen balorazioetan"

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide