Gaur arratsalderako Urola Erdiko gazte asanbladek antolatu duten Zergatik ACAB? hitzaldiak hautsak harrotu ditu. EAJk udala kritikatu du aurrena, udal areto bat uzteagatik saio horretarako. Udalak erantzun dio EAJri argituz aretoa ez dela udalarena, Urola Erdiko Mankomunitateari baizik, eta ez deritzola polizia eredua kritikatzea nahikoa arrazoi denik areto publiko bat ukatzeko. Orain, baina, Esan sindikatuak jakinarazi du arratsaldeko hitzaldiaren kontrako salaketa jarri duela Gipuzkoako Fiskaltzan, "euskal poliziaren kontrako gorroto ekitaldi bat" izango dela arrazoituta. Hain zuzen ere, ertzainen sindikatuaren arabera, "euskal poliziarekiko eta hango kideekiko gorrotoa, umiliazioa eta mespretxua sustatuko dituzte solasaldi itxurako ekitaldi horretan".
Esanen irudiko, "euskal gizartea babesteko beren burua egunero arriskuan jartzen duten zerbitzari publikoen kontrako eraso onartezina" izango da gaur arratsaldeko hitzaldia. Izan ere, haren ustetan "Azpeitiko ekitaldiaren helburua ez da eztabaidatzea, seinalatzea eta gutxiestea baizik; eta beti topatuko gaituzte aurrez aurre". Euskal polizia defendatzea "segurtasuna, bizikidetza eta herri oso baten askatasuna defendatzea" direla adierazi du sindikatuak.