Xabier Azkargorta hil da

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 14a

Xabier Azkargorta.

Futbolari eta futbol entrenatzaile ohia gaur hil da, Bolivian, 72 urterekin. Futbolean lehen urratsak jokalari gisa egin zituen, baina lesio bat tarteko, jokatzeari utzi behar izan zion. Medikuntza ikasketak egin zituen, eta entrenatzaile titulua aterata, egiteko horri ekin zion; talde ugari eta Boliviako nahiz Txileko selekzioak gidatu zituen.

Xabier Azkargorta (Azpeitia, 1953) futbolari eta futbol entrenatzaile ohia hil da gaur, ostirala, Bolivian, Santa Cruz de la Sierran. Herrialde horretan bizi zen duela hamarkada batzuetatik; izan ere, hango selekzioaren hautatzaile izendatu zuten 1993an.

Futbolean lehen urratsak jokalari gisa egin zituen, Realean eta Athleticen jardun baitzuen. Lesio larri bat tarteko, baina, ez zuen ibilbide horri jarraipena ematerik izan. Ondorioz, medikuntza ikasketak egin zituen, Bilbon eta Bartzelonan. Azpeitiko Ikastolan irakasle lanetan jardun zuen, gainera; gorputz hezkuntzako irakaslea izan zen. Sasoi hartan futboleko entrenatzaile titulua atera zuen, eta horri esker bide luzea egin zuen futbolean.

Entrenatzaile ibilbidea, berriz, Lagun Onaken hasi zuen 1978an, eta handik aurrera, Euskal Herriko, Kataluniako nahiz Espainiako talde ugaritan aritu zen: Ondarroako Aurreran, Tarragonako Gimnastiken, Espanyolen, Valladoliden, Sevillan eta Tenerifen.

Hego Ameriketara egin zuen jauzi 90eko hamarkadan; Bolivian jardun zuen aurrena, hango selekzioko hautatzaile lanetan, eta Txilen, gero. 1994an Amerikako Estatu Batuetan jokatu zuten Munduko Txapelketara eraman zuen Boliviako selekzioa, Brasil eta Uruguai mendean hartuta.

1998an, berriz, Bolivia atzean utzi, eta Japoniara jo zuen: Yokohama Marinos taldea gidatzeari ekin zion; denboraldi hartan Japoniako liga irabazi zuen. Mexikora joan zen 2005ean, Chivas taldera, eta berriro Boliviara itzuli zen 2012an; orduan hartu zuen berriro hango selekzioaren gidaritza. 2020an aritu zen azkenengoz entrenatzaile lanetan, Boliviako Palmaflor taldean. Gero, Santa Cruz de la Sierrako udaleko kirol aholkulari lanetan aritu zen. 

Futbolari lotuta, hedabideetan ere aritu izan zen lanean; telebistan, irratian nahiz prentsa idatzian kolaboratu izan zuen. Gainera, 2000. urtean Futbolsofia liburua argitaratu zuen. 2013an Boliviako Cumbre Unibertsitate Pribatuak (UPC) honoris causa doktore izendatu zuen egindako futbol ibilbideagatik.

Uztarriak Azkargortari egindako elkarrizketa kaleratu zuen 2000. urteko urtarrileko aldizkarian. Halaber, Urola Kostako Hitzak ere egin zuen elkarrizketa 2005ean. 2020an, berriz, COVID-19aren pandemia betean, Gukak elkarrizketatu zuen Azkargorta, Bolivian zela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide