Azpeitiko Udalak Urola Erdiko gazte asanbladei hitzaldi baterako udal areto bat utzi izana salatu du Azpeitiko EAJk; hain zuzen ere, Azoka Plazako lehen solairuko aretoa laga izana gaur arratsalderako antolatu duten Zergaitik ACAB? hitzaldirako. Udalak argitu du lokal hori ez dela udalarena, Urola Erdiko Mankomunitatearena baizik. "2019an, mankomunitateko kideek aho batez onartu zituzten areto horren erabilera baldintzak". Eta gaineratu du baldintza horiek betetzen dituzten eragile guztiei uzten dietela lokala, herritarrek erabiltzeko delako.
Beraz, udalak azaldu duenez, mankomunitateri dagokio baimenak tramitatzea, "baina mankomunitatean ordezkaritza duen erakunde gisa, Azpeitiko Udalaren ustez polizia eredua kritikatzea ez da nahikoa arrazoi lokal publiko bat ukatzeko". Udalak nabarmendu du lokal publikoen erabilera baimenak ezin direla irizpide subjetiboetan oinarritu.