'Zergatik ACAB?' hitzaldirako udal areto bat utzi izana salatu du EAJk

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 14a

Azoka Plaza. (Guka)

Urola Erdiko gazte asanbladek antolatu dute hitzaldia, eta gaur arratsaldean izango da, 18:00etan hasita. "Azpeitian dituzten aurrekariekin, udaltzainak erasotu eta gero alegia", EAJk ulertezintzat jo du horiei udal lokal bat uztea, "hura bezalako ekintzak justifikatzen jarrai dezaten". 

Azpeitiko EAJk salatu du "Nagore Alkortak zuzendutako udalak" Azoka Plazako lehen solairuko aretoa utzi diela Urola Erdiko gazte asanbladei, Zergaitik ACAB? izenburu duen hitzaldirako –ACABek All Cops Are Bastards esan nahi du ingelesez, eta "polizia guztiak sasikumeak dira" euskaraz–. Hain zuzen ere, gaur arratsaldean izango da Urola Erdiko gazte asanbladek elkarlanean antolatu duten hitzaldia, 18:00etan hasita.  

EAJk onartu du espazio hori azpeitiarrek erabiltzeko dela, baina guztiz ulertezina iruditzen zaio "gaztetxeko kideei –gehienak GKSkoak–, Azpeitian dituzten aurrekariekin, udaltzainak erasotu eta gero alegia, orain udal lokal bat uztea hura bezalako ekintzak justifikatzen jarrai dezaten".

EAJren hitzetan, "indarkeria justifikatzea dakarren eta benetan arriskutsua den zurrunbilo batean sartzen ari gara", eta onartezintzat jo du udalak ezer gertatuko ez balitza bezala jarraitzea. "Azpeitiko Udalak orain dela gutxi berretsi zuen bizikidetzaren aldeko apustua, eta adierazi zuen hura hautsi nahi duten ekintzen aurrean ez duela atzerapausorik emango". Konpromiso hori non gelditu den galdetu dio EAJk udalari. "Herri honek denbora luzeegian jasan du indarkeria, eta horren ondorioak jasaten jarraitzen du".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide