Datorren astean umeen gurasoei nahiz gazteei zuzendutako bi hitzaldi izango dira herrian. Asteazkenean, Azpeitiko Udaleko Gazteria sailak antolatuta, jolasaren garrantziaz ariko dira solasean; ostiralean, berriz, Treba Gazteak programaren barruko hitzaldia eskainiko dute, gazteei zuzenduta, antsietatea gai hartuta.
Asteazkeneko hitzaldia Iturritxiki ludotekan izango da (18:00), eta herriko ludoteketako hezitzaileek eskainiko dute, Jolasaren garrantzia haurtzaroan izenburupean. Saioaren antolatzaileek aurreratu dutenez, jolasak eragin zuzena du umeen garapenean, eta hain zuzen, garrantzi hori izango dute hizpide hitzorduan. Besteak beste, jolasaren bidez umearen eta gurasoen artean sortzen den harremanaz, jolasak haurraren garapen integralean duen garrantziaz nahiz jolas egokiak aukeratzeko irizpideez jardungo dute.
Gainera, solasaldiak irauten duen bitartean zaintza zerbitzua eskainiko dute Iturritxiki ludotekan bertan, eta hala nahi dutenek itzulpen zerbitzuaz baliatu ahal izango dira. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943-15 71 61 edo 943-15 71 60 telefono zenbakietara dei dezakete herritarrek.
Gazteei zuzenduta
Bestalde, Treba Gazteak programaren barruko hitzordua izango da datorren ostiralean. Basazabal jauregian izango da Stop antsietatea izenburupean egingo duten solasaldia, 16:30etik 19:30era. Badabidebat elkarteko kideak arduratuko dira saioa gidatzeaz, eta 17 eta 24 urte bitarteko gazten parte hartu ahal izango dute.
Besteren artean gazteei antsietatea ezagutzen eta hori kudeatzen lagunduko dieten tresnak eskainiko dizkiete hitzorduan, eta horiek esperientziak elkartrukatzeko parada izango dute. Izan ere, egoera normalizatzeko gune seguru bilakatu nahi dute Basazabal ostiralean. Saioan parte hartzeko aurrez izena eman eman beharko da honako lotura honetan; asteartea izango da horretarako azken eguna.