Urola ibaiaren bilakaeraz, egungo egoeraz eta aurrera begirako aurreikuspenez aritzeko solasaldia antolatu du Azpeitiko Udalak datorren asteazkenerako, azaroak 19. Azoka Plazako goiko solairuko aretoan egin dute hitzordua, 18:30erako.
Ordu eta erdi inguruko saioan, landarediak ur emarian duen eragina, ibaiaren azterketak utzitako emaitzak edota berriki egindako esku hartzeak zein egin asmo dituztenak hizpide izango dituzte, besteak beste, Ura agentziako Iñigo Citoresek, Basoinsa enpresako Mikel Sarriegik, Aitor Larrañaga EHUko irakasleak eta Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak.
Urola ibaiaren egoerak "herritarrei interesa pizten diela jakitun" da udala, eta asteazkeneko solasaldia hori kontuan hartuta antolatu duela azaldu du. Azpeitia "erdi-erditik zeharkatzen" duen ibaia azken urteetan "asko aldatu" dela nabarmendu du erakundeak, nagusiki onerako –"duela urte batzuk baino garbiago datoz urak"–, baina aldaketa batzuek herritarren artean kezkak eta zalantzak sortu dituztela ere aitortu du: "Landareek ere presentzia handiagoa hartu dute, korridore ekologiko moduko bat sortzeraino. Aldi berean, ordea, zenbait kezka ere badaude, adibidez, uholde arriskuei lotuta".
Hain zuzen ere, asteazkenean Azoka Plazara joaten direnek, hizlarien azalpenak jarraitzeaz gain, beren jakin-mina eta kezkak plazaratzeko aukera ere izango dute.