Elmubas atarian protesta deitu du ELA sindikatuak datorren astearterako, azaroaren 18rako, bost kaleratze eta "jazarpen sindikala" salatzeko. 13:30etik 14:30era egingo dute protesta.
Sindikatuaren ordezkariek eta lantegitik "bidegabeki" kaleratu berri dituzten bost beharginek parte hartuko dute Kaleratzerik ez! Jazarpen sindikalik ez! leloarekin egingo duten kontzentrazioa. Izan ere, ELAk salatu duenez, kaleratzeak "ELAk langileekin batera antolatzea erabaki" eta hauteskunde sindikal prozesua martxan jarri ondoren etorri dira.
ELAren arabera, "prekarietatea besterik ematen ez dien" eta aurten bertan iraungiko den Espainiako Pentsuen Hitzarmen Estatalaren mende daude Elmubaseko langileak. "Enpresak berak ere ez du prekarietate horretatik ateratzeko esfortzurik egiten, baina bien bitartean, dibidendu milioidunak banatzen ditu eta sekulako dirutza irabazi du azken urteetan", azaldu du sindikatuak.
Egoera horren aurrean, "ELAk langileekin batera antolatzea eta hauteskunde sindikal prozesu bati ekitea erabaki" duela adierazi du, "irabazi milioidunak banatzeko eta prekarietateari aurre egiteko". Sindikatuak jakinarazi duenez, baina, azaroaren 7an bost langile kaleratu zituen enpresak, eta horrek "jazarpen sindikal argi baten aurrean" kokatu ditu.
ELAk emandako datuaren arabera, gaur egun 220 bat laginle ari dira beharrean Landetako industrialdean dagoen pentsu enpresan; Azpeitiko lantegi handiena da, eta Urola Kostako handienetakoa ere bai. Elmubas Petfood Group –Piensos Bastida zena– Portobello Capital inbertsio funtsak erosi zuen 2019an.