Herenegun gauerdian itxi zuten 2026ko Domusa Teknik 40 zein 15 MLK mendi lasterketetan izena emateko epea. Guztira, 1.924 lagunek eman dute izena datorren urteko maiatzaren 9an Azpeitian hasi eta bukatuko diren lasterketetarako. 816 korrikalarik eman dute izena 65 kilometro eta 3.700 metroko desnibel positiboa izango duen proba luzerako, baina proba laburrenaren izen ematea izan da jendetsuena: 1.108 lagunek –850 gizon eta 258 emakume– eman dute izena 26 kilometro eta 1.400 metroko desnibel positiboa izango duen lasterketarako.
Antolatzaileek joan den urrian iragarri zuten bezala, edizio berriko dortsalak zozketa bidez banatuko dituzte. Bihar, azaroaren 14an, egingo dute dortsalen zozketa ekitaldia, 18:30ean, udaletxean. Guztira 950 dortsal banatuko dituzte antolatzaileek, hiru zozketa eginda. 15 MLK-n parte hartzea parekidea izango da datorren urtean, izena eman duten gizonen artean 200 eta emakumeen artean beste 200 dortsal baatuko baitituzte. 40 MLK lasterketerako, berriz, zozketa bakarra egingo dute eta 550 dortsal banatuko dituzte.
Izena eman duten guztiei zenbaki bat eman zaie ausaz, izena ematearekin batera, eta zenbaki horrekin parte hartuko dute biharko zozketetan. Lasterketaren webgunean ikusgai jarri dituzte zozketetako parte hartzaile eta zenbaki guztien zerrendak.
Ekitaldi irekia
Zozketaren gardentasuna bermatze aldera, ekitaldi publikoa eta irekia izango da biharkoa. Zozketa bertatik bertara ikusi nahi dutenak udaletxera joan daitezke; eta joan nahi ez edo ezin dutenek, berriz, zozketak streaming bidez jarraitzeko aukera izango dute webgune honetan bertan zein Youtuben.