Aranzadi zientzia elkarteak Asurtzu-Erlo aire zabaletako indusketa arkeologikora bisita gidatua antolatu du ostiralerako, azaroaren 14rako. Erlo puntatik oso gertu dagoen aztarnategia da Asurtzu, eta bisitan Aranzadi zientzia elkartekoek emango dituzte azalpenak.
Bisita gidaturako hitzordua 10:30ean jarri dute Xoxoteko aterpetxe ondoan. Bisitan parte hartu nahi dutenek aurretik izena eman behar dute iquevedo@aranzadi.eus helbide elektronikora idatzita.
Brontze Aroan izandako okupazioa egiaztatuta, garai horri buruz dagoen ezagutza osatzea da Asurtzuko esku hartze arkeologikoaren helburuetako bat.
2006. urtean hasi ziren Antxieta arkeologi taldeko kideak Ikulluteko gaina izeneko zonaldean indusketak egiten, eta haien arabera, "oso material interesgarriak" aurkitu zituzten ingurune hartan. Urte batzuk geroago — 2013. urtean—, berriro ekin zieten zundaketei, Asurtzko eremuan. Azpeitiko arkeologi taldekoak orduan konturatu ziren material interesgarriz beteta zegoela Asurtzu, eta 2019an proiektuari dimentsio handiagoa eskaintzea erabaki zuten.
2022ko udan, berriz, Valladolideko Unibertsitateko arkeologo talde batek jardun zuen Izarraitzeko aztarnategi berezian estentsioko indusketak egiten, Izaro Quevedo eta Manuel Rojo arkeologoek zuzenduta.