Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua Izarraizpen izan da Eskola Bikaina Denontzat egitasmoaren barruan

Aitziber Arzallus 2025eko azaroaren 12a

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburua, gaur goizean, Izarraizpe ikastolan. (irekia)

Eskola Bikaina Denontzat egitasmoko bigarren faseko lehen bilera egin dute Azpeitiko ikastolan, eta 29 eragilek parte hartu dute. Ikastetxearen Perdillegi kaleko bi eraikinak pankartaz josita topatu ditu sailburuak. Besteak beste, agindutako baliabideak emateko, segregazioarekin bukatzeko neurriak hartzeko eta itxurakeriak lagatzeko zioten Pedrosari zuzendutako pankarta horiek.

Gaur goizean Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Azpeitiko Izarraizpe ikastolan izan da Eskola Bikaina Denontzat egitasmoaren barruan. Hain zuzen ere, egitasmo horretako bigarren faseko aurreneko bilera izan da gaurkoa, baita Gipuzkoan egin dutena lehendabizikoa ere. Lehen fasean eskola segregazioari buruzko diagnostikoa egitea eta adostea ardatz hartuta jardun dira lanean, eta gaur hasi duten fasean, aurrerago zehaztuko dituzten neurrietarako eta ekintzetarako oinarri komun izango diren printzipioak eta balioak identifikatzeari ekin diote, beti ere ekitatea, inklusioa eta eskola eraginkortasuna bermatzeko helburuarekin. 

Eskola Bikaina Denontzat lehendakariak sustatutako eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak koordinatutako ekimena da. Administrazio publikoak, hezkuntza sistemako eragileak, sindikatuak, unibertsitateak, patronalak, alderdi politikoak eta gizarte erakundeak biltzen ditu, sare publiko eta itunduetako ordezkariekin batera. Prozesuaren helburua da eskola segregazioa murriztea, ekitatea eta inklusioa indartzea, emaitzak hobetzea eta euskal hezkuntza sistemaren eraginkortasuna indartzea. Guztira, 50 bat eragile ari dira prozesuan parte hartzen, baina gaur Izarraizpen egindako bileran 29 eragilek parte hartu dute.

Bileraren ondoren Begoña Pedrosa sailburuak nabarmendu du bigarren fasea "funtsezkoa" izango dela, prozesu osoaren zentzua zehaztuko duelako. "Orain lortuko ditugun akordioek datozen urteetako politikak gidatuko dituzten irizpideak finkatuko dituzte, eta bide koherente eta egonkorra bermatuko dute". Era berean, azpimarratu du inpaktua ikastetxeen egunerokoan eta ikasleengan nabaritu behar dela: "Prozesu horren balioa ikastetxeetan, irakasleengan eta, batez ere, ikasleengan duen benetako eraginean neurtuko da. Eskola Bikaina Denontzat ekimenak euskal eskola indartu eta etorkizunerako prestatuko duten erabakiak hartzea nahi dugu: eskola inklusiboagoa, bidezkoagoa eta kalitatezkoagoa. Gaur egun guztion artean eraikitzen duguna ekitatearen, elkarrizketaren eta hezkuntzarekiko konfiantzaren kultura komuna da, gizartearen aurrerapenaren eta kohesioaren eragile gisa". 

Goizean Izarraizpera iritsi denean, ikastetxearen Perdillegi kaleko bi eraikinak pankartaz josita topatu ditu Pedrosa sailburuak. Besteak beste, agindutako baliabideak emateko, segregazioarekin bukatzeko neurriak hartzeko eta itxurakeriak lagatzeko eskatu diote Pedrosari pankarta horien egileek. 

Perdillegi kaleko Izarraizperen eraikinetako batean zeuden pankartetako batzuk. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide