Trantsizio Energetikoari buruzko 1/2024 Legeak agindutakoari jarraituz, udalerrirako Klima eta Energia Plana osatzeko lanean ari da Azpeitiko Udala. Prozesu horretan, besteak beste, herritarren ekarpenak jasoko ditu erakundeak, "planak herritarren lehentasunak eta kezkak jaso ditzan", eta horretarako galdetegi bat prestatu eta online jarri du, herritar guztiei zuzenduta.
Klima eta Energia Planak "emisioak murrizteko energia eraginkortasuna hobetzeko, energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta klima aldaketara egokitzeko udalerriko jarduera ildoak zehaztuko" dituela azaldu du udalak. Herritarrei zuzendutako inkestaren bidez, berriz, "mugikortasun jasangarriari, energia kontsumoari, berdeguneei, hondakinen kudeaketari eta beste zenbait gairi buruz" azpeitiarrek duten iritzia ezagutu nahi du udalak.
Klima eta Energia Plana diseinatzera bideratutako galdetegia lotura honetan bete daiteke; azaroaren 23a arte egongo da eskuragarri esteka hori. Udalak galdetegia betetzea eskatu die herritarrei, "parte hartzera eta beren ideiak partekatzera animatu" daitezen, "udalerri jasangarriagoa, erresilienteagoa eta etorkizunarekin konprometituagoa eraikitzeko".