Joan den asteazkenean ireki zuten Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probetan izena emateko epea, eta bihar, azaroak 11, gauerdian itxiko dute. Bi probetarako izena RockTheSport eta Kronoak webguneetan emateko aukera dago. Izen ematea "martxa onean" dihoala adierazi dute probaren antolatzaileek.
Datorren urteko maiatzaren 9an izango dira Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probak, Azpeitian. Lasterketa luzean bosgarren edizioa jokatuko da eta motzaren hirugarrena, Herritik herriarentzat lelo hartuta.
Aurten, izen ematea aldatu egin dute, eta behin aurrez izena ematen dutenen artean zozketa bidez banatuko ditu dortsalak antolakuntzak. Zozketa ostiralean, azaroaren 14an, 18:30ean, izango da Azpeitiko udaletxean. Proben antolatzaileek zehaztu dutenez, han izango dira udaleko ordezkariak, prozesuaren gardentasuna bermatzeko. Ekitaldia publikoa izango da, eta Youtuben emango dute zuzenean. Hiru zozketa egingo dituzte, bata bestearen atzetik: 15 MLK probarako gizonentzako 200 dortsal, 15 MLK probarako emakumeentzako 200 dortsal eta 40 MLK probarako 550 dortsal zozkatuko dituzte, denera.