Azpeitiko 43. Euskal Antzerki Topaketetan eskola antzerkiaren txanda da gaurtik ostiralera bitartean. Azpeitiko Antzerki Eskolako, Bermeoko (Bizkaia) Sagrado Corazon ikastetxeko, Errezilgo San Martin herri eskolako eta Amezketako (Gipuzkoa) ikastetxeko taldeek hamabi antzezlan egingo dituzte Soreasu antzokian. Ikasleak izango dira aktoreak, baita ikus-entzuleak ere.
Azpeitiko Antzerki Taldeen emanaldiak izan dira asteko aurrenekoak, Tatanic eta Ikusten ez baduzu, ikusiko duzu lanak egin dituzte, 11:00etan hasita, Soreasun. Bihar ere Azpeitiko taldeak ariko dira Soreasuko agertokian, Euskal School eta Bukaera lanak eskaintzeko. Azpeitikoek azken lana ostegunean taularatuko dute, Nor da Zuriñe? izenburuko antzezlana, hain zuzen ere.
Asteazkenean, Bermeoko Sagrado Corazon ikastetxekoek hiru obra aurkeztuko dituzte Topaketetako eskola antzerkiaren sailean: Hollywoodeko izarra, Nonzerbarri enparantza eta Lehen Hezkuntzako hirugarren ziklora heldu gara. Ostegunean, Errezilgo San Martin herri eskolakoak izango dira agertokian, Errezildarrak Dubain lana aurkeztuz.
Eskola antzerkiaren azkenengo egunean, ostiralean, berriz, Amezketako (Gipuzkoa) ikastetxekoek hiru lan aurkeztuko dituzte: Munduko zoparik onena ipuin musikatua, Bertso antzerkia eta Diruak sendatu du antzezlana.