Itzalen antzerkia ezagutzeko aukera izan dute ikastetxeetako ikasleek

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 7a

Aste osoan zehar Itzal Antzerki Laborategia egin dute herriko ikastetxeetako LHko ikasleek Betharrametako aretoan. Azpeitiko 43. Euskal Antzerki Topaketetako ekitaldietako bat izan da. Haurrek itzal antzerkiaren historia ezagutzeaz gainera, itzal txotxongiloak sortzeko aukera izan dute.

Txotxongiloek ere badute presentzia 43. Euskal Antzerki Topaketetan. Esaterako, aste honetan Itzal Antzerki Laborategia izan dute herriko ikastetxeetako LHko ikasleek. Zurrunka teatroa taldeko Eñaut Gorbeak gidatuta, itzal antzerkiaren historia ezagutzeko aukera izan dute ikasleek Betharrametako aretoan, eta horrez gainera, beraiek sortu dituzte itzal txotxongilo propioak, irudimena eta sormena landuz.

Datorren astean, Zurrunka teatroak itzal txotxongiloen tailerra eskainiko du, ostiralean, 17:30ean, Dinamoa sormen gunean. Hurrengo egunean, azaroaren 15ean, 17:00etatik aurrera, Gure kanoa antzezlana eskainiko du antzerki talde horrek, Soreasu antzokian. Lan horretan mahai txotxongiloak eta itzal txotxongiloak erabiliko dituzte.

Antzerki saioetarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean eskuratu daitezke.

Azpeitia antzerki topaketetan murgilduta dago bete-betean, eta honako antzezlanak ikus daitezke asteburu honetan:

  • Gaur, ostirala, Ai, gure juaneteak antzezlana. 21:30ean, Sanagustin kulturgunean.
  • Etzi, igandea, Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta? antzezlana, 19:00etan, Soreasu antzokian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide