3 urte arteko haurrentzat irekiko dute goizetan Iturritxiki ludoteka

Mailo Oiarzabal 2025eko azaroaren 7a

Iturritxiki ludoteka, kanpotik. (Guka)

Astelehenetik aurrera, astegunetan 10:00etatik 13:00etara erabili ahal izango dute egunero Done Jakue kaleko ludoteka ume txikiek eta haien zaintzaileek, Udaltzaingoan giltza hartuta.

"Ume txikiekin goxo egoteko beste aukera bat" jarriko du martxan Azpeitiko Udalak datorren astearekin. Astelehenetik aurrera (azaroak 10), 0 eta 3 urte arteko umeentzat eta haien zaintzaileentzat astegunetan goizero erabilgarri izango da Iturritxiki ludoteka, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara. Tarte horretan Done Jakue kaleko ludoteka erabili nahi dutenek Udaltzaingoan jaso eta atzera han utzi beharko dute giltza, udalak argitu duenez, goizetan ez baita langilerik egoten Iturritxikin. Erabilera arauak ere zehaztu ditu erakundeak goizetako zerbitzu berria baliatu nahi dutenentzat: "Espazioaren erabilera neurtzeko, sarrerako erregistro orria beteko da. Barruan ezingo da jan, eta aurkitu bezala utzi beharko da eremua".

Ume txikiak dituzten gurasoen artean sortutako eskaerari erantzun dio udalak Iturritxiki goizetan ere irekiz. Horrela azaldu du Leire Sarasua Hezkuntza zinegotziak: "Parkeak izaten dira haurren eta haien zaintzaileen topaleku nagusia. Ume txiki-txikiak dituzten gurasoen aldetik, ordea, bazegoen barruko espazio bat egokitzeko eskaera, batik bat neguari begira, eta eskaera horri erantzungo diogu goizetan Iturritxiki ludoteka irekita".

Familia Txokoa eta Urrestillako zerbitzua

Iturritxikin astegun goizetan ematen hasiko diren zerbitzua beste eremu eta egun batzutan dagoeneko ematen direnak osatzera dator.

Asteburuetan eta jaiegunetan kiroldegiko Familia Txokoak eskaintzen duen zerbitzuaren osagarri izango da, hain justu, Iturritxikikoa. Familia Txokoaren "balorazio oso positiboa" egiten du udalak, Sarasuak dioenez: "Herritarrek asko eskertu dute halako espazio bat egokitu izana, eta erabilera handia du; astegunetarako ere antzeko baliabide bat jarri nahi izan dugu; kasu honetan, txikienentzat bakarrik, 2-3 urtetik aurrerakoak eskolan egon ohi direlako astegun goizetan".

2022 bukaeratik dago martxan kiroldegiko gunea. Larunbatetan eta igandeetan, 11:00etatik 19:00etara egoten da irekita, eta jaiegunetan, 11:00etatik 12:30era. Kiroldegiko bazkideek doan izaten dute sarrera, eta gainerakoek bi euro ordaindu behar izaten dituzte. 0 eta 6 urte arteko umeentzat da berez Familia Txokoaren zerbitzua, "baina anai-arreba zaharragoek ere izaten dute joateko aukera, betiere heldu baten ardurapean".

Urrestillan ere badute udal lokal bat, ume txikiekin neguan erabili ahal izateko. 0 eta 6 urteko haurrei zuzendutako zerbitzua da eskoletako lokalean azarotik aurrera ematen dutena. 10:00etatik 20:00etara irekitzen dute gune hori, eta erabili nahi dutenek udaleko Gazteria sailean izena eman behar dute aurrez.

Haurren aisialdirako aipatutako gune horiek guztiak jolaserako eremuak dira eta jolaserako hainbat materialez hornituta daude, baina hezitzailerik ez da egoten horietan; horrenbestez, espazioak irekita dauden bitartean "haurrek uneoro heldu baten ardurapean" egon behar dutela nabarmendu du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide