Iñigo Orbegozo: "Herria eskertu nahi dugu emandako babesagatik"

Nerea Uranga 2025eko azaroaren 5a

Iñigo Orbegozo Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK proben antolatzaile taldekoa. (Nerea Uranga)

Gaurtik azaroaren 11ra egongo da izena emateko aukera Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi lasterketetan. Iñigo Orbegozo probaren antolatzaile taldeko kidea da, eta hark azaldu du berrikuntzekin datorrela proba. Datorren urteko maiatzaren 9an jokatuko da.

Maiatzaren 9an jokatuko dira Domusa Teknik 40 MLK mendi lasterketaren bosgarren edizioa eta 15 MLK probaren hirugarrena. Egun bakar batean bi proba jokatu arren, urte guztian oihartzuna duten bi hitzordu dira. Lagun Onak mendi bazkunako nahiz babesle nagusia den Domusa Teknikeko ordezkariek osatutako antolatzaile taldeak urte osoa ematen du bi probak eta horien bueltako hitzorduak prestatzen eta laguntzaileak lotzen. Talde horretako kidea da Iñigo Orbegozo (Azpeitia, 1973), eta probetarako izen ematea irekitzear dela azaldu ditu berrikuntzak; gaur, azaroak 5, 18:00etan, zabalduko dute 40 MLK eta 15 MLK lasterketetarako izen ematea, eta azaroaren 11ra arte egongo da horretarako aukera.

Gaur zabalduko duzue izen ematea Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK mendi probetarako. Edizio berrian dortsala eskuratzeko sistema aldatu egin duzue. Zergatik?

Bi probetan izena emateko aukera izango da gaur [azaroak 5] hasi eta azaroaren 11ra bitartean. Gero, izena emandakoen artean hiru zozketa egingo ditugu dortsalak banatzeko. Hau da, 15 MLK lasterketarako 200 dortsal zozkatuko ditugu emakumeen artean eta beste 200 gizonen artean, eta 40 MLK probaren kasuan, izena emandakoen artean 550 dortsal zozkatuko ditugu, emakumeen %10eko parte hartzea bermatuz. Era horretan egitea erabaki dugu jendeak dortsala lortzeko ahalik eta aukera berdinena izateko. Izan ere, iaz izen ematea 18:00etan ireki eta dortsalak agortu arte izan zen izena emateko aukera, baina ordu berean jende piloa sartu zen eta plataforma blokeatu egin zen. Horrez gain, denek ez zuten izan ordu horretan izena emateko aukera.

Izen ematearen arrakasta ikusita erabaki al duzue 15 MLK probarako ehun dortsal gehiago jartzea?

Aurreko edizioan, hamar minutuan agortu ziren proba motzerako emakumeentzako 150 dortsalak. Arrakasta hori ikusita, edizio berrirako emakumeentzako 200 dortsal eta gizonentzako beste 200 dortsal jartzea erabaki dugu. Era horretan, 400 korrikalarik izango dute 15 MLK proban irteteko aukera.

Emakumeen parte hartzea bultzatzeko helburuarekin bat al dator erabaki hori?

Bai, hala da. Domusa Teknik 40 MLK lasterketaren lehen edizioan emakume oso gutxik parte hartu zuten. Hori ikusita, emakumeei zuzendutako entrenamenduak antolatzea erabaki genuen, baita 15 MLK proba motza egitea ere. Proba motza egiten duenak luzean parte hartzeko pausoa ematea errazagoa dela ikusita antolatu genuen 26 kilometroko lasterketa. Ahalegin horrek emaitza izan du, hainbat emakume animatu direlako 65 kilometroko lasterketa egitera.

550 dortsal izango dira proba luzerako eta 400 lasterketa motzerako. Kanpoan inor utzi gabe, ezin al duzue kopurua gehitu?

Antolatzaileontzako ederrena nahi duten guztiei parte hartzeko aukera ematea litzateke. Hori hala izanda, ordea, gaur egun lasterkariei eskaintzen diegun zerbitzua ematea ezinezkoa litzateke. Probaren egunean, mila lagun ibiliko dira mendian korrika eta beste 400 boluntario lanean; denera, 1.400 lagun dira. Horien guztien segurtasuna bermatu beharra dago. Eguraldia ere aldakorra izaten da; batzuetan ona izan dugu eta beste batzuetan ez hain ona. Boluntarioek egiten duten lana ikaragarria da; kontuan hartu behar da probaren egunean boluntario batzuek 08:00etatik 19:30-20:00ak bitartean jarduten dutela lanean. Zerbitzu ona eskaintzeko, parte hartze kopurua mugatu beharra daukagu.

Mendi lasterketaren egunean, herrian giro onari eta festari lekua egiten ere saiatzen zarete, ezta?

Mendi lasterketa bat da guk antolatzen duguna, baina herriari edota bailarari sona eman nahi diogu. Aurreko edizioetan, proba bera ezagutarazteko, hainbat txapelketaren barruan jokatu izan da. Datorrena, ordea, bosgarren edizioa izanda eta babesle nagusia den Domusa Teknik enpresak 50 urte betetzen dituela kontuan hartuta, Herritik herriarentzat lelo hartuta antolatuko dugu. Mendi lasterketa antolatzen hasi ginenetik herriak, herritarrek, eragileek, dendariek, enpresek nahiz erakunde publikoek emandako babesa eta laguntza eskertu nahi ditugu. Kirola eta festa uztartuz, Kulturaz kultur kooperatibaren laguntzari esker, probaren egunerako Suneren kontzertua ere lotu dugu plazan.

Domusa Teknik 40 MLK probak inklusioaren alde egin du sorreratik, eta horretan bidelagun Marea Urdina izan du. Eragile horrek lasterketaren egunean Anoa Gune Urdina antolatu izan du aurreko edizioetan. Dena den, Marea Urdinak bere jarduna etengo duela iragarri du; haren lekukoa inork hartuko al du?

Marea Urdinak geldialdi bat egingo duela iragarri du, bai. Pena da, eragile horrek egin duen lana ikaragarria izan delako, eta ea ez den geldialdi luzea izaten. Anoa Gune Urdinak izan duen izaerari eustea nahi dugu; gune inklusiboa izaten jarraitzea, alegia. Izan ere, Domusa Teknik 40 MLKen helburuetako bat balio jakin batzuk lantzea eta sustatzea da, lasterketa horretarako tresna izanik. Anoa Gune Urdina gune garrantzitsua da, eta dagoeneko ari gara eragile batekin hizketan horren inguruan. Dena hitzartutakoan jakiranaziko dugu jendaurrean.

Hitzorduak:

  • Azaroak 5-11. Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK probetarako izen ematea. Gaur, azaroak 5, 18:00etan zabalduko da, eta azaroaren 11n 00:00etan itxi. Rockthesport.com eta kronoak.com webguneetan eman ahalko da izena.
  • Azaroak 14, ostirala. Bi probetan izena emandakoen artean dortsalen zozketa, 18:30ean, Azpeitiko udaletxean.
  • Abenduak 13, larunbata. Emakumeei zuzendutako entrenamendu saioa, Efikeko Julen Ansoaldek eta Josu Larrañagak gidatuta.
  • Urtarrilak 10, larunbata. Emakumeei zuzendutako entrenamendu saioa, Ainara Urrutiak gidatuta.
  • Otsailak 21, larunbata. Emakumeei zuzendutako entrenamendu saioa, Jomako taldekideek gidatuta.
  • Martxoak 14, larunbata. Azpeitia eta Mandubia arteko ibilbidea.
  • Martxoak 28, larunbata. Mandubia eta Azpeitia arteko ibilbidea.
  • Apirilak 18, larunbata. Eskola kirolaren barruan, Trail Martxa Urdina.
  • Maiatzak 8, ostirala. LHko ikasleentzako hitzaldiak.
  • Maiatzak 9, larunbata. Domusa Teknik 40 MLK eta 15 MLK lasterketak. Proba luzea 08:00etan eta motza 09:00etan plazatik abiatuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide