San Tomas eguneko azokan postua jartzeko eskaerak egin daitezke dagoeneko

Julene Frantzesena 2025eko azaroaren 5a

Iazko azokako postu bateko irudia.

Azoka Plazan egin ohi dute baserriko eta garaiko produktuen azoka egun horretan, eta postuak jarri nahi dituzten ekoizleek azaroaren 21era bitartean egin ahal izango dituzte eskaerak.

San Tomas eguneko azoka berezian postua jarri nahi dutenek dagoeneko egin dezakete eskaera. Azaroaren 21a, ostirala, izango da izena emateko azken eguna; udaletxean egin behar dira eskaerak, baina on line ere gauzatu ahal izango da, udalaren erregistro ofizialaren bidez.

Azoka Plazan egin ohi dute baserriko eta garaiko produktuen azoka egun horretan, eta besteren artean, barazkiak, frutak, loreak, ogia eta beste hainbat produktu eskuratzeko aukera izaten dute herritarrek.

Azokaren inguruko zalantzaren bat duenak Azpeitiko Udaleko Kultura sailera jo dezake, 943-15 79 68 telefono zenbakira deituta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide