Futboletik zerbait aldenduta zaude azkenaldian. Zer moduz sentitzen zara futbolaren eguneroko loturarik gabe?
Oso desberdin sentitzen naiz. Azken urteetan Reala Europan lehiatzen ibili delako, hiru egunetik behin partidak jokatzera ohitu gara, erritmo bat izatera derrigortzen du horrek, eta, orain, hori gabe, diferentzia handia sumatzen dut. Beste gauza batzuei denbora gehiago eskain diezaieket orain, tartean familiari. Egiten ditudan gauzak egiteko pausa handiagoa sentitzen dut.
Euskal selekzioko bigarren entrenatzaile moduan San Mames zelaiko aulkian eseriko zara azaroaren 15ean, euskal selekzioak Palestinaren aurka jokatuko duen lagunartekoan. Zerk bultzatu zaitu ardura hori hartzera?
Sorpresan etorri zitzaidan eskaintza. Euskal Futbol Federakundeko presidenteak [Iker Goñi] deitu ninduen, euskal selekzioak Palestinaren aurka joka zezan partida bat antolatzeko asmotan zebiltzala esanez; ahal nuen neurrian, laguntzeko modurik izango al nuen galdetu zidan hark. Hasieratik adierazi zidaten Jagoba Arrasate izango zela selekzioko entrenatzailea. Jagobarekin harreman ona dut, lagunak gara, eta berari deitu nion kontuaz hitz egiteko.
Ikusita mundua nola dagoen, eta bereziki, Palestina zer egoeratan dagoen, partida berezia da niretzat. Ordea, bestalde, iruditzen zait euskal selekzioak ofizialtasuna lortzeko ibilbide luzea duela egiteko. Ilusionatuta nago, gustura egingo dudan kontu bat baita.
Futbolarekiko eguneroko lotura hori izatetik ezerezera igaro zara denbora gutxian. Futbolerako harra galdu egiten al da?
Maila desberdinetako futbol partida asko ikusi ditut denboraldi honetan, baina beste distantzia batetik; Realaren eta Sanseren partida ia denak ikusi ditut, esaterako. Orain ez ditut futboleko egoerak horrenbeste aztertu behar. Nik ez dut futbolarekin aspertuta amaitu; niri futbola gustatu egiten zait, eta ez naiz inoiz egon futboletik at. Lagun Onak ikustera joateko aukera ere izan dut; lehen ere nahi izaten nuen haien partidak ikustea, baina zurrunbilo ero horretatik denbora ezertarako ateratzea zaila izaten zen. Ordea, euskal selekzioko lana hartuta, Palestinako taldea aztertu beharra gauza naturala izaten ari da niretzat. Konpromiso bat sentitzen dut, baita ongi egin beharra ere, baina lan horrek ez dit aldaketa handiegirik eragin.
Oraingoa eginkizun motza duzu, egun gutxikoa.
Partida baterako konpromisoaz hitz egin dugu. Era berean, datorren partida hau ahalik eta ondoen ateratzeaz aritu gara. Konnotazio oso bereziak dituen partida da, Palestinaren aurkakoa delako. Motibatzen nau partida honek, baina gauza puntuala izanda, ez dit burua horrenbeste kargatzen.
"Dagoen gauzarik politena da niretzat euskal selekzioaren parte izatea"
Zer da zuretzat euskal selekzioaren parte izatea?
Ziur aski, dagoen eta gauzarik politena da niretzat euskal selekzioaren parte izatea. Sentitzen dut, gainera, euskal selekzioak baduela oraindik ibilbide bat egiteko, ofiziala izan arte. Ofiziala izan eta gero ere izango du egitekorik, noski, baina ofiziala izan arte, behintzat, sentitzen dut denok egin dezakegula ekarpen bat. Gauza polita da jendeak ilusioa duela eta San Mames bete egingo dela jakitea. Niretzat partida oso-oso garrantzitsua da eta ilusio handia sortzen dit.
Palestinaren aurkako lagunartekoa testuinguru geopolitiko latz batean jokatuko duzue.
Palestinaren aurka jokatuko dugunez, badakigu mundu mailan oihartzun handia izango duela partidak. Genozidioaren testuinguruan kokatuta, zer gutxiago gure arlotik, futboletik, ekarpen hori egitea baino. Aukera izan dut Palestinako selekzioko antolatzaileekin hitz egiteko. Beraientzat oso garrantzitsua izan da jendeak partida hau zer ilusiorekin hartu duen sentitzea eta partida Europan jokatuko dela jakitea. Hori guztia ikusita, are gehiago ilusionatu naiz.
Oso kritikoa naiz ni futbolaren arlo askorekiko, baina iruditzen zait futbolak baduela gauza positiboetarako gaitasuna ere; gustatu ala ez, jende asko mugitzen du. Indar horiek ondo bideratuz gero, gauza onak ere egin daitezke futbola bitarteko hartuta. Futbol partida bat jokatu baino gehiago, palestinarrei ekarpen bat egin diezaiekegula sentitzen dut.
Nola ikusten duzu ofizialtasunaren kontua? Egin al da azkenaldian nahikoa urrats?
Ofizialtasunaren bidea behar bezala jorratu gabe dago oraindik. Garrantzitsua da partidak jokatzea, bitarteko bat baita, baina ez bakarra. Ofizialtasunaren bidea egiteko, garrantzitsuena herria aktibatuta izatea da. Herriak eskatu behar du kirol guztietan Euskal Herria mundu mailan ordezkatuta ikustea. Horretarako, garrantzitsua da federazioaren lana, eta bide horretan, garrantzitsua da partidak jokatzea; izan ere, neurketa horietan bistaratzen da ofizialtasunaren aldarria eta partida horietan sortzen da kausarekiko atxikimendua. Partidarik gabe ez dago heldulekurik, eta heldulekurik gabe, galdu egiten da atxikimendua. Zoritxarrez, gainera, euskaldunak beste selekzioak jarraitzen hasten dira, beste selekzioak animatzen edota bere sentitzen. Garrantzitsua da gure selekzioa presente egotea, inork beste selekzioak bere ez ditzan sentitu.
Zailtasunak daude ofizialtasuna lortzeko, jakina, baina iruditzen zait federazioan sartu den zuzendaritza berriak baduela bide hori egiteko iniziatiba. Ofizialtasuna lortzeko garbi izan behar da ibilbide orria, eta, era berean, garrantzitsua da benetako bide erreal bat egiteko nahia izatea. Ezin da jendearen ilusioarekin eta gogoarekin jolastu. Federazioak ofizialtasunaren aldeko lana egingo duela esaten badu, pauso errealak eman beharko lituzke, jakinda gero muga zailak izango direla bidean edota horma askoren aurka joko duela, interes asko daude-eta tartean. Aurrera egingo bada, borondatea izatea da gutxienekoa, eta uste dut federazio honek baduela. Politikariek ere beren lana egin beharko dute gero bide hori ixteko eta euskal selekzioak ofizialak izatea lortzeko.
"Ofizialtasunaren bidea egiteko, garrantzitsuena herria aktibatuta izatea da"
Euskal selekzioaren azken deialdietara lehen mailako jokalaririk deitu ez izanak atsekabea ere sortu du zaleen artean.
Jokalariak herritarrak dira, eta normalean, herritarren tenperatua bera izan ohi dute haiek ere. Herritarrak, herria eta zaleak aktibatuago baldin badaude, jokalariek ere partida horiek jokatzera joateko gogo handiagoa izango dute, serioago hartuko dute kontua eta gehiago sentituko dute partida horietan parte hartzeak merezi duela. Aldiz, partida horien pisu emozionalak jendearen eta zaleen artean behera egiten badu, jokalariek ere izan dezakete partida horiei garrantzia txikiagoa emateko tendentzia. Jokalari denak ezin dira zaku berean sartu, zale edo herritar guztiak zaku berean sartu ezin diren bezala.
Egoera beste testuinguru batean ere jarri behar da. Lehen Mailako jokalariek partida eta txapelketa pila bat dituzte egutegian. Jokalariak zeharo beteta daudela ari gara esaten. Ordea, gauzak ondo antolatu eta serio egiten badira, jokalariak euskal selekzioan egon nahi du, norbere herria ordezkatzeko aukera ematen duen partida baita.
Badirudi euskal selekzioen ofizialtasuna futbolaren bidetik etorriko dela. Dena den, beste zenbait kiroletan dagoeneko ofiziala da euskal selekzioa.
Pilotariak eta ardi moztaileak nazioarte mailako txapelketetan lehiatzen ibili dira aurten. Badirudi futbolak guztiaren ispilu izan behar duela, ezeren aurretik doala beti. Futbolak ere ikas dezake beste kirol modalitateengandik, beste modalitate horietan ari baitira urratsak egiten. Futbolak dimentsio handia du eta fokua bertan jartzen da, beste kirolak gutxituta utziz. Egundoko lana ari dira egiten beste kiroletako ordezkariak, eta asko dugu ikasteko. Galdetu behar genieke haiei ofizialtasunerako bidea nola egin duten.
Zein izango dira zure eginbeharrak Palestinaren aurkakora begira?
Euskal jokalariak zer egoeratan dauden-eta ikusi behar dut, baita horiek partidan egoteko dituzten aukerak aztertu ere, zerrenda osatzen lagundu behar baitut. Klubekin harremanak ere egin beharko ditut deialdia prestatzeko, eta ikusi beharko dut, era berean, lesio kasurik badagoen, libre al dauden azaroaren 15erako... Palestina aztertzea ere badagokit; haien partidak ikusi behar ditut, zer sistema darabilten, zer jokalari dituzten... Aldarrikapen eguna izango da, baina guretzat futbola da, kirola da, eta profesionalekin lan egiten dugunez, kirol arlotik partida ondo prestatuta izan behar dugu, jokalariak ere ikus dezan kontu hau serioa dela.
Zer nahi zenuke azaroaren 15eko hitzordurako?
Gazan genozidioa ari dira bizitzen, eta nire ustez, hor jarri behar genuke aurreneko fokua. Genozidioa geldiarazteko eta palestinar herriari elkartasuna adierazteko gure alea jartzea dagokigu. Euskal Herrira begira, berriz, oraindik herri zatitua eta okupatua garela adierazteko eguna izan behar du. Guk ere gure aldarrikapena egin behar dugu munduaren aurrean, bertan gure tokia izan dezagun eta gure tokia errespeta dezaten. Mundu guztia begira egongo denez, gauzak ondo egin behar ditugu. Aukera paregabea dugu herri bat garela eta herri bezala kirolaren mapan tokia dugula adierazteko.
"Euskal Herrira begira, oraindik herri zatitua eta okupatua garela adierazteko eguna izan behar du"
Federazioak dei berezia egin die Euskal Herriko futbol klubei azaroaren 15erako: larunbat arratsalde horretan jokatu beharreko partidak astean zehar jokatzeko eta Bilbora joateko eskatu du, "zelaiak hustu eta Bilbo betetzeko".
Herrietako klubek lan handia egiten dute. Meritu handiko eta esker gutxiko lana egiten dute askok gure herrietako neska-mutilei denbora eta beraien ahalegina eskainiz. Gehienetan borondatez egiten dute, eta gehienetan, ez diogu behar bezalako balioa ematen lan horri. Hori esanda, zentzuzkoa da federazioaren eskaera. Polita litzakete San Mamesek ez ezik, Bilbok ere gainezka egitea, genozidioari "stop" esateko, palestinar herriari elkartasuna adierazteko eta euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzeko. Badakit herrietan partida ordutegiak koadratzeko arazoak izaten direla, baina uste dut klubek egingo dutela ahalegina egun horretan jendea Bilbora joan dadin.
Realean ibilbide oparoa egin duzu. Ederra izango da lortutako horren guztiaren parte sentitzea, ezta?
Kopako txapeldunak izatea edota Txapeldunen Ligan parte hartzea, nola ez, garrantzitsuak dira. Elitean emaitzek balio dute, eta hori guztia lortzea pozgarria izan da; asko gozatu dugu. Gorabeherak izan ditugu, ordea; badirudi dena ona izan dela, baina izan ditugu momentu oso zailak ere. Horrelako tentsio egoeretan bizita, balioa ematen diet horrenbeste urtean taldean izan dugun harremanari eta orekari. Realeko ibilbidea amaituagatik, ederra da oraindik elkarren arteko harremana mantentzea eta elkarri deitzea, lankideak izaten hasi eta lagunak izaten amaitzea. Niri poza horrek ematen dit, konplizitate horrek gogobete egiten nau. Ez da gauza erraza izaten horrelako ibilbide batean; beste testuinguru batzuetan ikusi eta bizi izan ditut bestelako egoerak ere, eta badakit zeinen zaila izaten den.
Futbola, egun, ez dago zure lehentasunen artean. Etorkizunean goi mailako talderen batean antzerako esperientziaren bat bizitzeko aukerarik sortzen bada, zer egingo zenuke?
Ez dut futbolaz aspertuta edo beteta bukatu. Imanolekin [Alguacil, Realeko entrenatzaile ohia] izandako ibilbidea bukatu da, eta hori horrela izanda, neuk erabaki nuen futbola albo batera uztea eta denbora hori beste gauza batzuei eskaintzea. Une honetan ez diot ezeri aterik ixten, baina, era berean, ez da nire helburua horrelako zerbaitetan berriro hastea. Aukerarik sortzen bada, ikusi eta aztertuko dut. Orain ez naiz aukera hori etor dadin ezertarako prestatzen ari. Palestinaren aurkako partidarako aukera etorri den bezala, akaso beste zerbait etorriko da, eta orduan ikusiko dut.