Kalea biziberritzeko asmoz, berrikuntzekin datoz Bustinzuriko Errebaleko festak

Andoni Elduaien 2025ko urr. 31a, 15:45

Udal ordezkariak eta auzotarrak atzoko aurkezpenean. (Andoni Elduaien)

Azaroaren 7tik 9ra bitartean ospatuko dituzte Bustinzuriko Errebalean sanmartinak. Aurten, auzotar talde batek sustatu ditu jaiak, kaleari indarra emateko asmoz. Haurrentzako ekintzak, musika ekitaldiak eta kulturarteko irrintzi topaketa egingo dituzte, besteak beste.

Azpeitiko Bustinzuriko Errebalean sanmartinak ospatuko dituzte hurrengo asteburuan. Azaroaren 11ko egunaren bueltan antolatu ohi dituzte kale horretan festak, baina, aurten, San Martin eguna asteartez egokitzen dela eta, jaiak aurreko asteburuan ospatzea erabaki dute: azaroaren 7tik 9ra bitartean egingo dituzte. Aurten, gainera, auzotar talde batek sustatu ditu festak; jaiei eta kaleari indarra ematea dira haien helburuak.

Zenbait urtez Bustinzuriko Errebalean sona handiko festak izan badira ere, azken urteetan ez dute aurtengorako prestatu duten gisako egitaraurik osatu. Maite Bereziartua da antolakuntza taldeko kideetako bat, eta hark azaldu zituen auzotar talde horren nahiak zein izan diren: "Gure sanmartinei indar pixka bat ematea eta kalea piztea dira gure nahiak. Gehienbat San Martin egunera begira egin izan dira orain arte ekintzak festetan, baina, aurten, argitasun puntua izan dugu eta bizilagun berriak ere etorri dira kalera bizitzera. Kalea nahikoa hila ari da gelditzen, eta ea biziberritzen hasten garen pixkanaka", esan zuen Bereziartuak. 

Mikel Odriozola Festa batzordeburuak ere parte hartu zuen aurkezpenean, eta hura "pozik" agertu zen Errebaleko festak indarberritzeko asmoarekin auzotar talde bat eratu delako. Horri lotuta, zinegotziak nabarmendu zuen udala "saiatzen" dela herriko elkarteekin eta eragileekin festak antolatzen. "Iruditzen zaigu bestelako xarma izan ohi dutela herriko eragileekin eta auzoko nahiz herriko jendearekin batera antolatzen diren festek; bestelako inplikazioa duten jaiak izan ohi dira. Auzotarrek beraiek egin behar dituzte beren festak, eta udalak horiek gauzatzeko baliabideak eskaini behar ditu. Zorionak eman nahi dizkiegu auzotarrei, eta ea festa hauek balio duten auzotarren arteko sarea sendotzeko eta Bustinzuriko Errebalaren biziberritzeari hasiera emateko", esan zuen Odriozolak.

Askotariko ekintzak, hiru egunez

Hiru egunetako egitaraua antolatu dute auzotarrek eta udalak. "Gauzak txikiak dira, baina hiru egunetan banatuko ditugu", adierazi zuen Bereziatuak. Hain justu, hark azaldu zituen egitarauaren nondik norakoak. Ostiralean, 18:00etan botako dute jaiei ekiteko txupinazoa, eta, ondoren, haurrei eskainitako ekintzak egingo dituzte. Arte eta Diseinu ikastegia gertu dagoela baliatuta, batetik, kartel bat egingo dute kaleari ukitu berezia emateko. Bestetik, jolasak ere egingo dituzte. Gainera, ekintza horietan parte hartzen dutenentzako gozokiak egongo direla ere aurreratu zuten antolatzaileek. 

Larunbat arratsaldean izango da hurrengo hitzordua. Arratsalde horretan sokamuturra egotekoa zela adierazi zuten auzotarrek, baina Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ganaduei eragiten dien dermatosi nodularraren kutsatzeak saihesteko animaliekin egiten diren zenbait ekitaldi galarazi dituztenez, aurten ez da sokamuturrik izango. Ekitaldi horren partez, gaztetxoentzako "sorpresa ekitaldi bat" egingo dute. 19:30ean hasiko da, bestalde, Urola Kosta eskualdeko musikariek osatzen duten UK03 txarangaren kalejira. Horrekin batera, ogitarteko jana egingo dute kalean jarriko dituzten mahaietan bertan; otordu horretan parte hartu nahi dutenek beraiek eraman beharko dute jana, baina edariak kalean jarriko duten postuan eskuratu ahal izango dira. Zapatuko eguna borobiltzeko, txarangaren doinuak entzungo dira berriz ere Bustinzuriko Errebalean.

Larunbateko txarangaren doinuek, igandeko txistularienei eta trikitilarienei emango diete lekukoa. 09:00etan, Izarraitz txistulari taldekoek keinu berezia egingo diete jaiei, goiz eresia Bustinzuriko Errebaleraino luzatuta. 11:30ean, berriz, kaleko trikitilariak ibiliko dira kalejiran. Igandeko hitzordu bereziena, baina, kulturarteko irrintzi topaketa izango da. 12:00etan hasita, kalearen puntu ezberdinetan ariko dira irrintzilariak, batzuk balkoietan, eta besteak, kalean. Euskal irrintzilariak eta sahararrak topaketan parte hartzekoak dira, baina parte hartu nahiko luketen guztiak gonbidatu dituzte antolatzaileek hitzordura. Parte hartzaile horiek, gainera, Bertan merkatari elkartearen hiru bonuren zozketan sartuko dituzte. 

Bustinzuriko Errebalean bizi diren adinekoei ere omenalditxo bat egingo diete igandean, eta 14:00etan izango den auzotarren arteko bakariarekin agurtuko dituzte festak. Bazkaria kalean bertan egiteko asmoa dute, baina eguraldiak gehiegi laguntzen ez badu, Inpernue elkartean egingo dute. "Guretzat polita litzateke bazkaria kalean egitea". Otordu horretan parte hartu nahi dutenek Errotatxo okindegian edo errebalekofestak@gmail.com helbide elektronikora idatzita eman beharko dute izena. Bazkariaren gastuak parte hartzaileak berak ordaindu beharko dituela aurreratu dute antolatzaileek. 

Egitaraua: 

Ostirala, azaroak 7:

  • 18:00. Festen hasiera. 
  • Ondoren, festetako kartelaren sorkuntza tailerra eta jolasak haurrentzat.

Zapatua, azaroak 8:

  • Haurrentzako ekintzak.
  • 19:30. UK03 txaranga.
  • Ondoren, ogitarteko jana. 
  • Eguna amaitzeko, UK03 txaranga.

Igandea, azaroak 9:

  • 09:00. Txistularien goiz eresia. 
  • 11:30. Kaleko trikitilarien kalejira.
  • 12:00. Kulturarteko irrintzi topaketa kaleko balkoietatik. 
  • 14:00. Kale-bazkaria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide