Itziar Saenz de Oier kontalari eta pailazoak Eraldaketarako kontuak antzezlana eskainiko du igandean, 11:00etan hasita, Ekoetxean. Artea eta ingurumenaren aldeko kontzientzia uztartzen ditu emanaldiak, eta aproposa da haurrentzako zein helduentzako. Emanaldia doakoa izango da, baina beharrezkoa da aurrez izena ematea; esteka honetan egin daiteke.
Hurbileko istorioen eta ipuinen bidez, klima aldaketaren nahiz energia fosilen eragina aztertuko ditu antzerkiak, eta batez ere, dagoeneko eskura dauden konponbideak izango ditu hizpide. Funtsean, Eraldaketarako kontuak antzerkiak gizakiaren ekintzek naturan eta kliman duten eraginari buruzko hausnarketa sustatzea du helburu.
Hala, Itziar Saenz de Oierrek gorpuztuko duen pertsonaiak hainbat galdera luzatuko dizkie ikusleei: nola sortzen dira gauzak? Badakizu zenbat kilometro egiten dituen tomate batek zure mahaira iritsi aurretik? Jabetzen al gara naturak egunero ematen digun guztiaz? Eta garrantzitsuena: zer itzuliko diogu trukean?