Lasaon, trenbidearen ondoan agertu den pintaketa batek harrabotsa sortu du azken orduetan. EAJren Bizkaiko presidente Iñigo Ansolak X sare sozialean argitaratu zuen atzo arratsaldean Bingen Zupiria aipatuz Lasaon agertu den pintaketaren irudia. Hala dio pintaketak: "Zupuria entzun, Euskadin pim, pam, pum".
Ansolak salatu egin du pintaketa, haren hitzetan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua mehatxatzen duelako eta hori "onartezina" delako. Hala erantsi du jeltzaleak: "Babesten duten isiltasuna onartezina da gizarte demokratiko batean". Hark, gainera, babesa agertu dio Zupiriari.
Halaber, sare sozial berean salaketa hitzak izan ditu Azpeitiko EAJk ere. Hala esan du: "Indarkeria faltan botatzen dute batzuek. Hau da beraien politika egiteko modua: herriak aukeratutako ordezkariak mehatxatu. Izen bakar bat du horrek: faxismoa". Halaber, ordezkari publiko guztiei, eta bereziki, Zupiriari "babes osoa" agertu diete jeltzaleek.
Pintaketan ageri diren hitzek Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren eta Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen arteko hika-mika gogorarazten dute. Izan ere, EAJren Alderdi Eguneko ekitaldian "Ayuso, entzun, Euskadi euskaldun" esan zuen lehendakariak, Diaz Ayusok euskararen ofizialtasunaren eta erabileraren kontra esandakoei erantzunez. Horren aurrean, Madrilgo Erkidegoko presidenteak "Ayuso, entzun, pin-pan-pun" esan izana leporatu zion Pradalesi, ETA gogorarazten ziola adieraziz.
Bestalde, atzo bertan X sare sozialean jakinarazi zuen Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak pintaketen berri jakin orduko jarri zela sailburuarekin eta oposizioko buruarekin [Jabier Altuna Azpeitiko Udaleko EAJren bozeramailea] harremanetan. Hark halakoak "onartezinak" direla eta Azpeitian ez dutela tokirik esan du alkateak.
Ez da Segurtasun sailburua aipatzen duten pintaketak agertu diren lehen aldia. Oraingoan, Lasaon agertu da, baina udan Hernanin ere egin zituzten haren aurkako pintaketak.