Hasi dira Arana kalean espaloia berritzeko lanekin

Julene Frantzesena 2025ko urr. 14a, 08:52

Arana kalean ari dira obrak egiten. (Julene Frantzesena)

Kale horretako 9. eta 17. zenbakien arteko espaloi zatia berrituko dute. Obrak bi hilabeteko epean egingo dituzte, eta lanek irauten duten bitartean, Arana kaleko errei bat itxita izango da ibilgailuentzat.

Hasi dira Arana kaleko 9. eta 17. zenbakien arteko espaloia berritzeko lanekin. Atzo aritu ziren ingurua obretarako prestatzen, eta Art eraikuntza enpresakoak dagoeneko hasi dira lanean.

Prat kafetegiaren pareko espaloia da berrituko dutena, eta lanak bi hilabeteko epean bukatzea aurreikusten du udalak. Obrek irauten duen bitartean espaloiaren ondoko erreia itxita egongo da, eta beraz, ibilgailuek norantza batean soilik igaro ahal izango dute Arana kaletik.

Hain zuzen ere, Aranatik 1766ko Matxinada kalera edota Olazko Andre Mariaren plaza atzera zein scalextric-era joan ahalko dute ibilgailuek, baina Bustintzuriko Errebaletik edota Olazko Andre Mariaren plazatik behera doazenek ezingo dute Aranako zati horretatik igaro; Arana Goikotik behera edo 1766ko Matxinadatik joan beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide