Punk eta Oi! musikaren plaza bilakatuko da larunbatean Sanagustin

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 14a, 08:00

Against You taldeko kideak. (Kulturaz kooperatiba)

Lau talde oholtzaratuko dira Sanagustin kulturgunean larunbatean: Against You, Hell beer boys, Nafarroa 1512 eta Kontralde.

Street punk eta Oi! musikaren bozgorailu bilakatuko da Sanagustin kulturgunea zapatu honetan, hilak 18. 21:00etatik aurrera, Against You, Hell beer boys, Nafarroa 1512 eta Kontralde taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke, 13 euroren truk. 

Iruñetik (Nafarroa) etorriko da Against You. Mezu antifaxistak zuzen eta gogor ozentzen ditu street punka jorratzen duen taldeak. Bestalde, Goierrikoak (Gipuzkoa) dira Hell beer boys taldeko kideak. 2002an hasi zuten ibilbidea, eta geldialdi luze baten ostean, oholtzetara bueltatu dira berriki.

Arbizuko (Nafarroa) Nafarroa 1512 taldeak hamabost urteko ibilbidea du, eta borroka independentsitaren eta sozialistaren aldeko mezuak zabaltzen ditu bere kantuen bidez.  Gazteagoak dira Kontraldeko musikariak; Arrasatekoek (Gipuzkoa) duela lau urte hasi zuten bidea, eta punk rock doinuak lantzen dituzte.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide