Dantza, musika eta kantua ikuskizun bakarrean batu ditu 'Xirri Xarro' ikuskizunak Soreasun

Nerea Uranga 2025ko urr. 12a, 09:00

Sahatsa dantza taldeko dantzariek eta musikariek, Azpeitiko Musika Bandako musikariek eta Julian Barrenetxea nahiz Iraurgi abesbatzetako abeslariek Xirri Xarro ikuskizuna eskaini zuten atzo Soreasu antzokian.

Pirinioetako Erronkari, Aezkoa eta Orbaizeta ibarretako paisaia ederretako jotak, ttun-ttunak eta amodio istorioak batetik, eta bestetik, euskal konpositore klasikoen, garaikideen zein musika barrokoaren doinuak interpretatu zituzten atzo arratsaldean Sahatsa dantza taldeko dantzariek eta musikariek, Azpeitiko Musika Bandako musikariek nahiz Julian Barrenetxea eta Iraurgi abesbatzetako abeslariek. Xirri Xarro ikuskizunaren emanaldian egin zuten bat horiek guztiek atzo Soreasu antzokian.

Bi zati izan zituen emanaldiak, eta dantzarik dantza eta kanturik kantu Soreasun bildutako jendearen txaloak jaso zituzten hainbat alditan agertokian dantzan, kantuan edota instrumentuak jotzen jardun zutenek. Jose Olaizola Gabarainen Oleskari zaharra operako Dantza zatiaren –Euskaldunai Zortzikoa izenez ezagunagoa da– interpretatuz bukatu zuten atzoko saioa Soreasuko oholtzan aritu ziren lau taldeek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide