Parte hartze bikaina izaten ari da YK Riders festa

Nerea Uranga 2025ko urr. 11a, 15:13

Enduro martxan dortsal guztiak agortuta, 250 lagunek parte hartu dute gaur goizean. Martxako partaideak Oñatz, Sañoa eta Izarraizko maldetan gora eta behera zebiltzan bitartean grafiti eta eskumuturrekoen tailerrak egin dituzte. Gaurkoan YK Riders Festek gauera arteko egitaraua du. 

Ostegun arratsaldetik bizikleta, patin, patinete edota skate zaleak Arauntza Ridersek antolatutako IV. YK Riders Fest ospatzen ari dira Izarraizko Ateako skate parkearen bueltan prestatu duten karparen bueltan. Gainera, jende ugari ari da ekitaldi guztietan.

Gaurko festa eguna goizetik gauera arte ekintzaz betetakoa dute YK Riders Festen. Goizean Enduro martxa jendetsua izan da, 250 bizikleta zaleren parte hartzearekin. 09:00etan irten dute martxako partaideek behe laino artean, baina helmugara eguzki betean iritsi dira Oñatz, Sañoa eta Izarraitz aldeko maldetan gora eta behera ibli ondoren.

Enduro martxakoak iristen hasi aurretik, grafiti eta eskumuturrekoen tailerrak egin dituzte skate parkearen inguruan. Tailer horietan haurrek nahiz helduek parte hartu dute.

Ondoren, bazkaltzeko elkartu dira. Arratsaldean, amateurrak zein goi mailako kirolariak elkartuko dira skate parkean, erakustaldiak eskaintzeko. Segidan, parrillada izango dute aurrena, eta musikazaleen txanda izango da gero: Onlifly eta Trini Fox taldeek kontzertuak emango dituzte, eta Maitx zumaiarraren zuzeneko musika elektroniko saioa izango da gero.

Bihar bi hitzordu izango ditu YK Riders Festek. Eguerdian, bigarren eskuko azoka egingo dute; bizikletako zein irristaketarako materiala, diskoak eta bestelakoak saltzeko eta erosteko aukera izango da skate parkean. Eta arratsaldean, 16 urte arterakoentzko zuzendutako bizikleta lasterketak egingo dituzte Arantza Ridersekoek.

Egitaraua

Gaur, larunbata

  • 17:00. Amateurren eta goi mailakoen erakustaldiak, skate parkean.
  • 19:30. YK parrillada.
  • 21:00. Kontzertuak: Onlifly eta Trini Fox.
  • Ondoren, Maitx (live).

Bihar, igandea

  • 12:00. Bigarren eskuko azoka.
  • 17:00. Umeen eta gaztetxoen bizikleta lasterketak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide