Ikusgai dago Jon Amorrortu sortzailearen 'Ihintzaren tantak egarria asetzeko edango ditut' erakusketa

Nerea Uranga 2025ko urr. 11a, 08:30

Garazi Lazkano, Leire Sarasua eta Jon Amorrortu atzo erakusketaren aurkezpenean, Foru Ibilbideko aretoan. (Nerea Uranga)

Doi egitasmoaren barruko zortzigarren erakusketak Jon Amorrortu margolariaren Ihintzaren tantak egarria asetzeko edango ditut izeneko sorkuntza lana biltzen du. Atzotik zabalik dago erakusketa Foru Ibilbideko aretoan, artistak berak aurkeztu zuen erakusgai jarritakoa. Urriaren 26ra arte egongo da zabalik.

Tamaina handikoak nahiz txikikoak, koloretsuak, dira Jon Amorrortu sortzaileak Ihintzaren tantak egarria asetzeko edango ditut erakusketan biltzen dituenak. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Foru Ibilbideko aretoan Doi programaren barruko zortzigarren erakusketa sortzaileak berak, Garazi Lazkano Kuturaz kultur kooperatibakoak eta Leire Sarasua Kultura batzordeburuak.

Amorrortuk 2024an Azpeitiko Udalak eskaintzen dituen sorkuntza beka jasota Marrak izeneko proiektua landu zuen Dinamoa sormen gunean. Aurretik erakusketa kolektibo batean parte hartu zuen sorkuntza beka jaso zuten beste sortzaileekin batera, eta orain,  bere lanekin osatutako erakusketa jarri du jendaurrean.


Jon Amorrortu sortzailea atzo Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. (Nerea Uranga)

Bere pintura beste formatuetan nola moldatzen zen nahiz bere sortze prozesuetan marraren erabilera desberdinak nola jorratzen zituen aztertzeko asmoari helduta abiatu zuen Marrak sorkuntza lana Amorrortuk. Sormen egonaldiko bekari esker, akuarelan egindako lan batzuk eta marrazki batzuk sortu zituen, eta lan horren lagin bat ere jarri du erakusgai ireki berri duen erakusketan. "Nire intentzioa aurrena egindako lanen formatua handitzea zen, baina Dinamoko espazioan hori gauzatzea zaila egiten zitzaidanez, Bilboko estudioan egin dut formatu handietara eramateko sorkuntza lana". Erakusketan sorkuntza beka jaso aurretik egindako lan bat ere ikusgai ipini du, ikerketa edota hausnarketa hau guztia bideratu zuena da hori, sortzailearen hitzetan. 

"Berpizteko gogoa"

Edozer azaltzea ez da Amorrorturen lanen aitzakia. Hala azaldu zuen atzo erakusketaren irekieran. Aurten gertaera pertsonal bat izan du, bere bizitzari "erabateko bira" eman diona, eta bere pinturan ikusten diren loreek badute zeresana horretan. "Ez ditut edozer errepresentatzeko sortu lanak, konposaketari, koloreari eta pinturari atentzioa jarrita egin dut lan". Sormen prozesuan aldatzen joan diren lanak direla esan zuen atzo sortzaileak.

Erakusketari izena jarri dio egileak, baita bere obra bakoitzari ere. Ihintzaren tantak egarria asetzeko edango ditut du izenarekin bataiatu du erakusketa, "berpizteko gogoa" duela azaltzeko. "Tanta txikietatik edateko gogoa dudala konturatu naiz", aitortu zuen atzo sortzaileak. Pintatzen baino, eserita hausnartzen eta pentsatzen denbora gehiago pasatuta sortu ditu margolanak Amorrortuk. Sortzeko erabilitako materialak, berriz, askotarikoak izan dira: espraiak, errotuladoreak, pastela, manley argizariak eta olioa.

Urriaren 26ra arte zabalik

Atzo zabaldu eta urriaren 26ra arte egongo dira Amorrorturen lanak erakusgai Foru Ibilbideko aretoan. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara bitartean dago erakusketa zabalik, eta larunbatetan eta igandeetan 12:00etatik 14:00etara. Urriaren 25ean, larunbata, sortzaileak berak gidatuta lanak ikusteko aukera izango da, 12:00etan. 

Amorrortuk sormen bekari esker egindako lanen erakusketa Doi egitasmoaren zortzigarrena da. Doi programa iaz jarri zuen martxan Kulturaz kultur kooperatibak Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. "Doi programaren helburua da gure lan egiteko moduetatik edota inguruan dabiltzan sortzaileek beren lanak erakusteko aukera eskaintzea", azaldu zuen atzo Amorrorturen erakusketaren irekieran Kulturazeko kide Garazi Lazkanok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide