YK Riderseko kideen eskutik gurpil gaineko kiroletan trebatzeko aukera izan dute herritarrek

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 10a, 19:00

Azpeitiko irristaketa eta mendi bizikleta taldea IV. YK Riders festa ospatzen ari da asteburu honetan, eta gurpil gainean ibiltzen ikasteko tailerrak eskaini dituzte gaur arratsaldean Loiolako skate parkean.

YK Riders taldearen eskutik, bizikleta, patin, patinete edota skate zaleek nahiz gurpil gaineko kirolak probatu nahi zituzten herritarrek ikastaroak jasotzeko aukera izan dute gaur, ostirala, Loiolako skate parkean. Azpeitiko irristaketa eta mendi bizikleta taldea festa nahiz musika uztartzen dituen IV. YK Riders festa ospatzen ari da asteburu honetan, eta hainbat ekintza antolatu ditu igandera bitartean.

Gaur arratsaldeko ikastaroetan, YK Riderseko kideen laguntzarekin, gurpil gaineko hainbat modalitate probatzeko nahiz horietan trebatzeko aukera izan dute herritarrek, besteak beste, BMX, break dance, scooter, skate eta roller. Adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintza izan den arren, haurrak eta gaztetxoak izan dira skate parkeko protagonistak.

Eguna borobiltzeko, rap saioa, parrillada eta Drum & Bass saioa izango dituzte iluntzean, eta bihar goizean enduro martxarekin hasiko dute eguna.

Egitaraua

Gaur, ostirala

  • 20:00. Rap saioa.
  • 20:00. YK parrillada.
  • 22:00. Drum & Bass saioa.

Bihar, larunbata

  • 09:00. Enduro martxa.
  • 10:30. Tailerrak (grafitiak eta pultserak) eta jolasak.
  • 14:30. YK bazkaria.
  • 17:00. Erakustaldiak.
  • 19:30. YK parrillada.
  • 21:00. Kontzertuak: Onlifly eta Trini Fox.
  • Ondoren, Maitx (live).

Urriak 12, igandea

  • 12:00. Bigarren eskuko azoka.
  • 17:00. Umeen eta gaztetxoen bizikleta lasterketak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide