Arana kaleko 9. eta 17. zenbakien arteko espaloia –Prateneko kantoian hasten dena– berritzeko lanak etzi, urriaren 14an, hasiko ditu Azpeitiko Udalak. Oinezkoei ez ezik, ibilgailuen trafikoari ere eragingo diete lanek.
Espaloiko obrak "bi hilabete inguruko iraupena" izatea aurreikusi du udalak, eta tarte horretan, espaloiaren ondoko erreia ere itxita egongo da. Horrela, noranzko bakarrean ibili ahalko dute ibilgailuek Arana kalean asteartetik aurrera eta espaloia berritzeko lanak bukatu arte: Aranatik 1766ko Matxinada kalera edota Olazko Andre Mariaren plaza atzera zein scalextric-era joan ahalko dute ibilgailuek, baina Bustintzuriko Errebaletik edota Olazko Andre Mariaren plazatik behera doazen ibilgailuek ezingo dute errei bakarra izango duen Aranako zati hori zeharkatu: Arana Goikotik behera –scalextric-etik– edo 1766ko Matxinadatik joan beharko dira.
Art Eraikuntzak enpresak egingo ditu Aranako espaloia berritzeko lanak, 111.000 euroko aurrekontuarekin.