Azpeitiko Udalak aparkaleku bat egingo du Nuarben. Astelehenean hasiko da udala ibilgailuentzako gune hori egokitzen, eta horretarako, 27 zenbakidun etxea eraitsiko dute. Nuarbeko pilotalekuaren albo batera dagoen eraikina da etxe hori, eta auzotarrek hala eskatuta, eremu horretan bertan egingo du aparkalekua.
Udalak azaldu duenez, eraiste lanak egin ahal izateko, itxi egingo dute astelehenetik aurrera pilotalekuaren eta eraitsiko duten eraikinaren aurretik igarotzen den errepidea. Erakundearen aurreikuspenen arabera, "gutxienez hiru egunez" egongo da bide hori itxita ibilgailuentzat. Oinezkoei, ordea, ez diete eragingo lanek, haiek eremu hori gurutzatzeko aukera izango baitute.