Javi Buces Aranzadiko historialariak idatzi duen Askatasun haizea (Txalaparta) liburua aurkeztu zuten atzo, osteguna, Azpeitiko Azoka Plazako areto nagusian. Angel Otaegi eta Juan Paredes Txiki ETAko militanteak fusilatu zituztela 50 urte betetzear direnean, Txiki eta Otaegiren eta Xose Humberto, Jose Luis Sanchez zein Ramon Garcia FRAPeko militanteen fusilamenduak "xehetasun handiz" jaso ditu Buces historialariak argitalpenean. Hala azaldu zuen, behinik behin, Txalaparta argitaletxeko Ane Eslava editoreak, hark ere aurkezpenean parte hartu baitzuen. Hirukotea Maialen Arteagak osatu zuen, azken horrek liburuaren hitzaurrea idatzi du eta.
Liburuak fusilatu horien guztien fusilamenduak berreraiki dituela azaldu zuen Eslavak, baita garai hartako testuinguru soziala eta politikoa zein zen jaso ere. Zenbait gako eman zituen Txalapartako ordezkariak: "Gertaera lazgarri horietatik abiatuta, liburuak aitortza egin nahi die diktaduraren aurka borroka egin zuten belaunaldi oso bateko kideei. Bucesek gakoak eman ditu haien militantzia kriminalizatu nahi izan duten kontakizunak deseraikitzeko. Liburuak estatu krimen bat dokumentatzeaz gain, frankismoaren kontakizun ofizialari kontra egiten dio, eta oroimenari nahiz justiziari buruzko hausnarketara bultzatzen du irakurlea".
Argitalpena "motza" eta "irisgarria" da Eslavarentzat, modu horretan "belaunaldi berriengana iristea" ere xede dute eta. Arteagaren hitzaurreak, berriz, "zubi bat" eraikitzen dio gertakari horiek bizi ez, baina "gertukoak" dituenari, baita "inposatutako errelatoetatik ihesi" bere "kontakizun propioa" eraikitzen ari den belaunaldiari ere. Arteagak ere hartu zuen hitza aurkezpenean, eta azaldu zuen saiatu dela eraikitzen belaunaldien arteko elkarrizketa bat. "Ebidentzian gelditzen da nire belaunaldia oso memoria partzialarekin hezi dela. Hitzaurrean aipatzen dut Txikiri eta Otaegiri buruz jakin izan dudana pankarten eta pintaden bidez izan dela. Biktima batzuei buruz jakiteko, pintadek eta pankartek eduki dute liburu baten funtzioa". Arteagarentzat horrek "hutsune handia" utzi du etorkizuneko belaunaldiengan, eta "zama izugarri bat" haien etxekoengan. "Familiaren edo bizipen propioen esku dago herri baten memoria kontatzea. Memoria zerbait bada, historia edota memoria pila baten biltegia da".
Liburuari gainbegiratua
Hainbat ataletan banatu du liburua Bucesek. Askatasun haizea "hausnarketa baten emaitza" dela jaso du sarreran; alegia, liburua idazteko arrazoiak aletu ditu bertan. "Estatuaren biktimarioari oraindik ukatu egiten zaio egiarako, justiziarako eta erreparaziorako duen eskubidea, eta hori ere bada arrazoi nahikoa halako lan bat egiteko. Badaude bigarren mailako biktimak; hala dira Txiki eta Otaegi. Merezi izan du halako lana, esfortzua eta ikerketa egiteak, senideek merezi dutelako beraien historia gogoraraztea eta hura publiko egitea", azaldu zuen egileak.
Testuinguru historikoan murgildu da Buces liburuaren bigarren atalean; gertaeran kokatzen laguntzea nahi izan du hala. "60ko hamarkadatik aurrera, belaunaldi berriak frankismoari aurre egiteko prest azaldu ziren, ziur asko belaunaldi horiek ez zutelako ezagutu frankismoaren gerraosteko errepresio krudela. Euskal Herrian, gainera, osagarri bereziak zeuden: batetik, lurralde oso industrialak zeuden eta horietan oso potentea zen aldarrikapen soziala, eta bestetik, aldarrikapen nazionala zegoen, euskal identitatea berreskuratzeko nahia. Bi adar horiek bat eginda, frankismoaren aurkako indarrik handiena sortu zen Euskal Herrian".
Gainera, liburuaren egileak azaldu zuen ez dela ahaztu behar horren guztiaren atzean "zapaldutako herri bat" zegoela, eskubide eta askatasun gabezia zituena, eta horren aurka hasi zela borroka. "Borroka horren aurka ez zeuden talde bat edo bi; aniztasun handia zegoen, erregimena arriskuan jartzen zutenak". Otaegi eta Txiki nor ziren eta haiek zer bide hartu zuten azalduz ere beste atal bat osatu du historialariak, liburuko tarterik luzeena. Azken pasarteak, berriz, 1975eko irailaren 27az, nazioartearen erantzunaz, frankismoaren erreakzioaz eta egungo testuinguruaz idatzi ditu Bucesek.
Mahai inguru sentitua
Liburua aurkeztu eta gero, mahai ingurua egin zuten, eta bertan Otaegi zenaren lehengusu Mertxe Urtuzagak, Txiki zenaren anaia Mikel Paredesek eta Miguel Castells abokatuak parte hartu zuten. Azken horrek Burgosko Auzian eta FRAPeko kideen aurkako epaiketan parte hartu zuen, besteak beste, epaituen abokatu gisa. Bucesek berak gidatu zuen saio hori ere, hark zuzendu zizkien-eta hiru hizlariei galderak.
Castells abokatuak Burgosko Auziari buruz hitz egin zuen nagusiki, baina, era berean, frankismo garaiko epaiketak nola izaten ziren gogoratu zuen. Luze-zabal bezain mamitsu aritu zen Castells. Hark nabarmendu zuen Txikiren eta Otaegiren aurkakoa "epaiketa politikoa" izan zela, baina esan zuen hura hala izateak balio izan zuela "herri borroka" sortzeko eta frankismoaren aurkako "presioa pizteko", Euskal Herrian bezala Espainiako Estatuko gainerako herrietan. Gizartean indartzen ari zen presioaren aurrean, militarki eta politikoki "garrantzitsuagoak" ziren epaiketak –Carrero Blancorena, adibidez– frankismoak "atzera" utzi zituela nabarmendu zuen Castellsek, eta bakanak ziren kasuei "lehentasuna" eman zietela, Txikirenari eta Otaegirenari, kasurako.
Etxekoek, bestalde, azaldu zuten Txiki eta Otaegi nor ziren, zer bizimodu zuten. Era berean, frankismoak fusilatutako bi lagunen atxiloketak nola bizi izan zituzten kontatu zuten, baita haiek preso hartu ostean herriak nola erantzun zuen gogoratu ere. Urtuzagak eta Paredesek ahaztu ezin dituzten irudiak gogoan azaldu zituzten barru-barruan gordeta dituzten pasarteak. Senideak fusilatu aurreko orduetako gorabehera guztiak ere azaldu zituzten haiek.
Urtuzagak eta Paredesek hedabide honi emandako elkarrizketan azaldutako gauza bera berretsi zuten beren hitzartearen amaieran: "Heriotza zigorrak betearazi zituztenen aitorpena behar dugu". Azoka Plazako areto nagusia bete zuten herritarrek, senitartekoek eta EH Bilduko nahiz EAJko udal ordezkariek txalo artean hartu zituzten amaieran hiru lagunak. Azoka Plazako aurkezpena eta mahai ingurua atzoko ekitaldi sortaren azkeneko hitzorduak izan ziren; izan ere, aurrez Azpeitiko Udalaren aitortza jaso zuten Otaegik eta haren sendiak.