Adiskidetasunari gorazarre, Kirgizistango mendi igo gabeetan

Ramon Olasagasti ('Berria' egunkaria) 2025ko ira. 26a, 08:13

Kanpaleku nagusia, Dzhangart haranaren bazter batean. (Utzitakoa)

Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro gazte donostiarrek hainbat bide berri zabaldu dituzte Dzhangart mendilerroan, 5.000 metro inguruko gailurretan. Bakartuago egotea espero zuten, baina egindako jarduerarekin "oso pozik" itzuli dira. Haientzat izan da aurtengo Joxe Takolo beka. Berria egunkariak erreportajea egin du bi mendizaleen bizipenak jasotzeko.

Sehaskatik bizitzara salto egin zutenetik dira lagunak Mikel Txintxurreta eta Imanol Muro (Donostia, 1998), 2 urterekin biak Zurriola ikastolan hasi zirenetik. Kuadrillan elkartu ziren gero, eta mendian ere sokakide izan dira betidanik. "Eskalatzen normalean batera aritzen gara. Baditugu lagun gehiago eskalatzen dutenak, noski, baina lehen aukera beti batak bestea izaten du. Gozamena da: elkar oso ondo ezagutzen dugu, eta keinurik txikienarekin badakigu besteak zer esan nahi duen", nabarmendu du Murok. "Txikitako soka garela esan daiteke", gehitu du Txintxurretak. Adiskidetasuna da, sakonean, istorio honen oinarrian sumatzen dena, sokaren korapiloa estutzen duena.

Gurasoen bizkarrean edo haien eskutik mendian hastea, etxe inguruko mendietan zailtzea, lehen eskaladak –Santa Barbara eskola maitean, nola ez–, Pirinioak, Alpeak –Kuffner ertza, Bionnassayko integrala, Peutereyko orratzaren hegoaldeko ertza...–, harkaitza, elurra eta izotza, korridoreak... urratsez urrats trenkatzen da mendizaletasuna. Hala izan da Muroren eta Txintxurretaren kasuan. Duela bi urte, berriz, Andeetako urratsa etorri zen: Peruko Cordillera Blancan hainbat eskalada egin zituzten bi donostiarrek; aipagarriena, Pou anaiek irekitako Hanan Paccha bidea, Ekialdeko Urus mendian.

Aurtengo udarako, berriz, ezohiko latitude eta mendietan jarria zuten mira bi gazte donostiarrek: Kirgizistango Dzhangart mendietan. Kirgizistan eta Txinako mugaldean goratzen dira mendi haiek, Issyk-Kul aintzira erraldoiaren hegoaldean. Inor gutxi barneratu izan da orain arte mendilerro hartan eskalatzaile begiekin: zortzi bat espedizio baino ez. Ez dira oso urrun Tien Shan mendilerroko erraldoiak, Pobeda, Khan Tengri eta beste, eta agian hori izan daiteke Dzhangartera hain jende gutxi joateko arrazoia, 5.000 metro inguruko mendiak baitira doi-doi. Nolanahi ere, esplorazioa, bakardadea, inor ibili gabeko lekuetan eta mendietan ibiltzea, bide berriak zabaltzeko aukera... mendiaren altuera bera baino osagai erakargarriagoak iruditu zitzaizkien Txintxurretari eta Murori. Baita Takolo Bekaren antolatzaileei ere, bi gazteontzat izan baita aurten beka.

Uztailaren 26an Bixkek hiriburura iritsi, Vladimir Komissarov kontaktuarekin elkartu, eta Tossor herrira joan ziren zuzenean. "Issyk-Kul aintziraren ondoan dago herri hori, 1.700 metro inguruan. Altueran dauden aintzira handienen artean munduko bigarrena da Issyk-Kul, Titicacaren ondoren. Fruta arbola ugari dago inguru hartan, abrikotondoak, sagarrondoak... Ederra da lekua. Hondartzak ere badaude gaur egun: turismoa iristen ari da, hotelak eraikitzen ari dira...", azaldu dute bi donostiarrek. Haiek, ordea, hondartzara ez, mendira abiatu ziren segituan, sobietar garaiko GAZ-66 kamioi batean. "Hango errekak gurutzatzeko ibilgailu egokienak dira, ia traktoreenak diruditen gurpil handi horiekin", azaldu dute.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide