Nolatan aurkeztu zara Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketen kartel lehiaketara?
25 urte baino gehiago daramatzat diseinu lehiaketetara lanak aurkezten. Aisialdian argazkigintza lantzen hasi nintzen, eta pixkanaka-pixkanaka, lehiaketetara aurkezteari ekin nion. Alfarokoa naiz sortzez, baina ordurako Nafarroan bizi nintzen, eta inguruko lehiaketetan parte hartzen hasi nintzen. Lehen urtean ez nuen batere irabazi, baina bigarrenean sariren bat edo beste eskuratu nuen, eta horrek motibatu egin ninduen. Horrek eraginda, informatika programetan trebatzen hasi nintzen.
Horrek balio izan al dizu diseinuaren munduan barneratzeko?
Denborarekin jabetu naiz garrantzitsuena ez dela teknika menperatzea eta informatika programak erabiltzen jakitea. Garrantzitsuena sormena da, bakoitzak bere barnean duen sormena. Eta hain zuzen, daukadan sormena garatzen eta ohikotik ateratzen saiatzen naiz. Oso orijinala izatea da nire xedea, nahiz eta beti ez dudan lortzen. Baina sariak jasotzen ditut, gauza bera beste era batera egiten dudalako. Obretan lehiaketaren esentzia jasotzen –antzerki topaketak, festak, jaialdiak...– eta ekitaldia egingo duten herriaren identitatea biltzen saiatzen naiz.
Ez da Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetara proposamenen bat aurkeztu duzun lehen aldia izan, ezta?
Aurretik ere aurkeztutakoa naiz bai; hiruzpalau aldiz bidaliko nuen lanen bat Azpeitira. Lehiaketetan parte hartzen ari naizen 25 urteotan 250 bat sari jaso ditut; beraz, probabilitateak eraginda ere irabazi ditut batzuk [barrez]. Ez txantxak alde batera utzita, uste dut diseinu onak egiten ditudala eta horiek epaimahaikideei gustatu egiten zaizkiela. Aurten zortea izan dut Azpeitiko Euskal Antzerki Topaketetako epaimahaiari nire kartela gustatu egin zaiolako; oso gustura nago. Izan ere, ohorea da nire kartel batek antzerkigintzako halako hitzordu garrantzitsu bat iragartzea, erreferenteak baitira Azpeitiko topaketak.
Zertan inspiratu zinen karteleko irudia sortzerakoan?
Euskarazko antzerki topaketak izanik, garbi nuen lanak hori islatu behar zuela, hori baita topaketen identitatea. Buelta asko eman nizkion buruari, baina halako batean pertxaren ideia sortu zitzaidan.
Hainbat elementurekin osatu duzu kartela: pertxa, pailazo sudurra, marradun kamiseta... Zer transmititu nahi izan duzu?
Pertxarekin jolastu dut irudia osatzeko; izan ere, antzerkian une oro aldatzen dira aktoreak arropaz eta. Marradun kamiseta erantsi nion hari, antzerkigintza komikoan asko erabiltzen den kamiseta mota delako. Gainera, Euskadiko koloreak jarri nizkion kamisetari, zerbait identifikagarria erantsi nahi nuelako. Kamiseta osatu nuenean konturatu nintzen irribarre bat irudikatzen ari nintzela pertxarekin, eta beraz, antzerkiaren munduko sorpresa ere ikus zitekeela irudian. Halaber, puntu komikoa sartu nion irudiari pailazoaren sudurrarekin. Elementu guztiak elkartuta, aktore bat edo aurpegi minimalista bat osatu dut, nahiz eta ez den garbi ikusten. Antzerkiarekin lotura duten elementuak dira denak, baina elkarrengandik bereiziak, eta beraz, konposizioa azaltzea garrantzitsua dela uste dut, jende askok arropadun pertxa bat soilik ikusiko duelako.
Zer teknika erabili duzu irudia sortzeko?
Pertxa eta pailazo sudurra argazkiak dira. Kamiseta, berriz, marraztu egin nuen. Konposizioa pixkanaka osatu nuen. Kartelaren hondoa zuria da, elementuari eman nahi niolako garrantzi guztia.
Espero al zenuen saria jasotzea?
Lehiaketetara epaimahaiak hautatzeko edo irabazteko asmoarekin aurkezten zara normalean. Batzuetan, diseinua osatzen hasten zara, eta ez aurkeztea erabakitzen duzu, emaitza ez zaizulako gustatu, baina gustatzen zaizunean... Dena den, ez dago jakiterik epaimahaiak zer nahi duen edo epaimahaikideei zer gustatuko zaien: lan grafikoa nahi duten, argazkira gehiago jotzen al duten, marrazkiaren alde egingo ote duten... Baina parte hartuz eta aurkeztuz soilik irabaz daitezke lehiaketak, beraz...
Antzerkia gustatzen al zaizu?
Bai, zinema, antzerkia... ikaragarri gustatzen zaizkit. Bizi naizen herria, Peralta [Nafarroa], baina, oso txikia da, eta ez dago kultur eskaintza handirik; antzerki obra bat ikusteko Logroñora, Iruñera edo Zaragozara joan behar izaten dut. Azpeitian, esaterako, izugarria da kultur mugimendua.