Rock, blues eta folk doinuak entzungai izango dira ostiralean, Sanagustin kulturgunean. Katapulta Tour egitasmoaren barruan, 19:00etan hasita eta sarrera doan dela, kontzertu bana emango dute Bobbi Relac (Irun-Donostia) eta Peachy Joke (Tolosa) taldeek.
Musikan ibilbide oparoa duten eta hainbat taldetan aritutako musikariak dira bihar Sanagustinen ariko diren guztiak. Bobbi Relac-ek (ahotsa eta gitarra), Javier Vallejok (bateria eta koruak) eta Jorge Murcik (baxua eta koruak) osatzen dute Bobbi Relac hirukoa. Peachy Joke laukoa, berriz, 2016tik geldirik egon ondoren, aurten itzuli da agertokietara.