Arnasguneei buruzko Azpeitiko konferentzian parte hartzeko dei egin die UEMAk udaletako ordezkariei

Maddi Txintxurreta 2025ko ira. 22a, 10:50

Soreasu antzokiaren eraikina.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) adierazi du udalerri euskaldunetako alkateen eta ordezkarien ardura dela gai honen inguruko puntako adituen eta politiken berri izatea eta udalerri euskaldunetatik horiek aldarrikatzea. Urriaren 16an eta 17an Soreasu antzokian egingo dute konferentzia.

UEMAk dei egin die mankomunitateko kide diren udaletako alkate, udal ordezkari, euskara teknikari eta, oro har, euskaltzale guztiei, urriaren 16an eta 17an Azpeitiko Soreasu antzokian egingo duten konferentzian parte har dezaten. Arnasguneek hizkuntza gutxiberrituen biziberritzean duten garrantzia azpimarratuko dute topaketa horietan, eta bertan izango dira mundu osoko soziolinguistak, hizkuntzalariak eta adituak.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA), Soziolinguistika Klusterra, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) eta Coppieters fundazioa dira egitasmoaren sustatzaile nagusiak, eta Euskal Herriko adituak ez ezik, Eskozia, Gales, Kanada, Katalunia eta Hego Tirolekoek ere izango dira. Bi helburu nagusi izango ditu topaketak: batetik, hizkuntza gutxituen biziberritze prozesuetan arnasguneek duten garrantzia aztertzea eta gogoeta piztea; eta bestetik, hizkuntza gutxituen egoera soziolinguistikoa sendotzeko proposamen zehatzak eta neurriak partekatzea eta zabaltzea.

Hori dela eta, Martin Aramendi UEMAko lehendakariak azpimarratu du garrantzitsua dela udal ordezkariek konferentzian parte hartzea. "Euskara da gure herrien nortasunaren orube sendoena eta, beraz, nazioarteko beste ekimen batzuetara, turismo azoketara eta antzekoetara joaten garen bezala, udalerri euskaldunetako alkateen eta ordezkarien ardura da gai honen inguruko puntako adituen eta politiken berri izatea eta udalerri euskaldunetatik horiek aldarrikatzea", adierazi du.

Arnasguneak hizkuntza gutxituen biziberritzean nazioarteko bilkuran parte hartu nahi dutenek UEUren webgunean eman dezakete izena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide