Gaurko eguna, irailaren 19a, Azpeitian "egun seinalatua" dela gogoratu du Azpeitiko Udalak; Memoriaren Eguna du izendatua egun hau. Francoren aldeko soldaduak herrira sartu ziren 1936ko irailaren 19an, eta tropak herrira iritsi aurretik, 15:00etan, ehunka herritarrek ihes egin zuten Urolako trenean. Gertaera haiek eta herritik ihes egin zutenak gogoan, gaur 15:00etatik aurrera, bost minutuz, udaletxeko kanpaiak joko dituzte.
Aurten, Memoriaren Egunean, Eusko Gudarostea 1936 liburuxka argitaratu du udalak Aranzadi zientzia elkartearekin elkarlanean. Liburuxka hori Loiolan dagoen Eusko Gudarostearen oroimenerako gune museografikoa osatzera datorrela azaldu dute bi erakundeetako ordezkariek. "Asko eta asko izaten dira egunero interesez hari begira geratzen direnak, eta eskaintza osatzera dator liburuxka", adierazi du udalak. Liburuxka hori eskuragarri egongo da, bisitarientzako eta herritarrentzako, Loiolako turismo bulegoan eta Basazabal jauregiko turismo bulegoan. Lau hizkuntzatan argitaratu dute liburuxka: euskaraz, gazteleraz, ingelesez eta frantsesez.
Aranzadi zientzia elkarteak egin duen liburuxkak Eusko Gudarostearen sorrera, protagonistak, gerra frontearen bilakaera eta lekurik esanguratsuenak azaltzen ditu. 1936ko abuztuan, Loiolan bildu ziren lehen aldiz euskal miliziak, Candido Saseta buru zutela, kolpisten aurkako euskal erresistentzia osatzeko.
Ostegunean, ekitaldia eta mahai ingurua
Memoria historikoari lotuta, datorren ostegunean, irailaren 25ean, hainbat ekitaldi izango dira. 17:30ean, Angel Otaegi oroitzeko ekitaldi instituzionala egingo du udalak. Udalbatzak onartutako adierazpena irakurri, eta harrera egingo diete Otaegiren senideei.
Ondoren, 18:00etan, Askatasun haizea Txiki eta Otaegi. Frankismoaren azken fusilatuak liburua aurkeztuko du Javi Buces historialariak, Azoka Plazako aretoan, liburuaren hitzaurrea egin duen Maialen Arteagarekin eta Ane Eslava Txalapartako editorearekin batera.
Segidan, 18:30ean, Azoka Plazako aretoan, Txiki eta Otaegiren inguruko mahai ingurua izango da, Aranzadik eta udalak antolatuta. Mikel Paredes eta Mertxe Urtuzaga Txiki eta Otaegiren senideek eta Miguel Castells abokatutak parte hartuko dute solasaldian, Javi Bucesek gidatuta.