Ikasturtea hasita, martxan da Azpeitiko Udaleko Gazteria saila, eta datozen egunetan zabalduko ditu herriko bi ludoteketan nahiz Gaztelekuan izena emateko epeak. Izan ere, irailaren 29an hasiko dira Iturritxiki eta Txiki Txoko ludotekak martxak, eta hilaren 30ean, berriz, Gaztelekua.
Bihar, astelehenez, irekiko dute HH 5. mailatik LH 6. mailara bitarteko haurrei zuzendutako Iturritxiki eta Txiki Txoko ludoteketan izena emateko epea. Herritarrek arratsaldeetan, 15:30etik 19:00etara, izango dute izena emateko aukera. Dena den, goizez ere eman ahal izango dute izena: Iturritxikin, asteartean eta ostegunean, 10:00etatik 12:00etara bitartean; eta Txiki Txokon, asteazkenean eta ostiralean, ordu tarte berean.
Umea ikasturtean zehar joango den ludotekan bertan inskribatu beharko da, eta urteko kuota 25 eurokoa izango da; izena ematerakoan ordaindu beharko da zenbateko hori. Gainera, hezitzaileak ludoteketan izango dira astelehenetik ostiralera, zehaztutako ordutegian, zalantzak argitzeko eta azalpenak emateko.
Gaztelekuan izena emateko epea, berriz, asteazkenetik ostiralera izango da zabalik. Gaztelekuan bertan eman beharko dute izena nerabeek, goizez nahiz arratsaldez: goizez ostegunean irekiko dute, 09:30etik 13:30era; arratsaldez, aldiz, hiru egunetan, 15:30etik 19:00etara bitartean. Gaztelekuko erabiltzaileek ez dute kuotarik ordaindu beharko, baina hango erabiltzaile izan nahi duten DBH1etik Batxilergoko bigarren mailara arteko gazteen gurasoek nahitaez joan beharko dute izena ematera.
Informazio gehiago behar izanez gero, Gazteria saileko 943-15 71 61 edo Gazte Informazio Bulegoko (GIB) 943-15 71 60 telefono zenbakira deitu dezakete herritarrek.