Distiratsu dator Nagore Aranbururen alfonbra gorria

Aritz Mutiozabal 2025ko ira. 18a, 10:01

Nagore Aranburu iaz Donostiako Zinemaldian. (Donostiako Zinemaldia)

Bihar hasiko da Donostiako 73. Zinemaldia, eta era askotako filmak erakutsiko dituzte zinema jaialdian; tartean, Nagore Aranburu aktore azpeitiarra protagonista den lau lan izango dira: Maspalomas, Karmele, Los Domingos eta Zeru ahoak. Zinemaldiaren Sail Ofizialean Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko dira horietako bi film, Maspalomas eta Los Domingos

Moda-modako aktorea da Nagore Aranburu. Ikusi besterik ez dago zenbat grabaketatan murgilduta dabilen azken boladan. Querer telesailak eraman zuen arrakastaren gorenera, eta udazkenarekin batera, azpeitiarra protagonista den hainbat film eta telesail estreinatuko dituzte, hala nola Maspalomas, Karmele, Los Domingos eta Zeru ahoak. Horiek guztiek, gainera, bihar hasiko den Donostiako 73. Zinemaldian ikusiko dute aurrez argia.

Zinemaldiaren Sail Ofizialean estreinatuko dituzte Jose Mari Goenagaren eta Aitor Arregiren Maspalomas eta Alauda Ruiz de Azuaren Los Domingos lanak, eta Urrezko Maskorra lortzeko lehian ariko dira; Ruiz de Azuaren filma, gainera, RTVE-Beste Begirada sariaren hautagaien artean dago. Bestalde, Goenagaren eta Arregiren filmean, Aranbururekin batera, Kandido Uranga aktore zumaiar beteranoak ere hartzen du parte. Laugarren urtez jarraian, Euskadi Basque Country 2030 Agenda saria emango dute, eta Zinemaldiaren programazio ofizialeko zortzi film daude irabazteko hautagaien artean; tartean, Maspalomas lana. Sariaren epaimahaiburuetako bat Asier Aranbarri azkoitiarra izango da, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Berrikuntzako zuzendaria; harekin batera ariko dira Carolina Yuste aktore eta zuzendaria eta Harkaitz Cano idazlea. Sari banaketa ekitaldia hilaren 25ean izango da, Tabakalerako Prisman, eta film irabazlearen ekoizle nagusiak 20.000 euro jasoko ditu.

Sail Ofizialeko Emanaldi Bereziak atalean, baina lehiatik kanpo, lau lan emango dituzte. Horietako bi dira Koldo Almandozen Zeru ahoak –lau ataleko telesail thrillerra– eta Asier Altunaren Karmele drama historikoa, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritua. Zinemaldiak euskal zinemari eskainitako saila da Zinemira, eta aurten hamahiru hautagai izango ditu euskal zinemaren Irizar saria eskuratzeko; kasu honetan ere, film irabazlearen ekoizleek 20.000 euro jasoko dituzte. Hautagaien artean daude aipatutako Maspalomas, Los Domingos eta Karmele, baita Gaizka Urresti zinemagilearen Eloy de la Iglesia, adicto al cine dokumentala ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide