Oihana Aranak eta Maria Alonsok HJZ edo akabatu egin zaitugu? izeneko ikuskizuna aurkeztuko dute igandean, 12:30ean, Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan.
Aranak eta Alonsok Kulturaz kooperatibak eskaintzen dituen sormen egonaldia egin zuten elkarrekin otsailean eta uztailean, eta denbora horretan sortu zuten asteon aurkeztuko duten ikuskizuna. Zehazki, "autoetnografia eszenikoa" dela diote artistek, eta Kulturaz kooperatibak azaldu duenez, "formatu txikiko performance-a izango da, non bi protagonistek orain arte egindako bide artistikoa ondratuko duten".
HJZ edo akabatu egin zaitugu? performance-aren sortzaileek Gizarte Antropologia masterrean ezagutu zuten elkar, eta bertan ohartu ziren erritualak, mitologia, etnografia eta autoetnografia metodo gisa erabiltzearen interesa konpartitzen zutela; ez bakarrik antropologian, baita arte eszenikoetan ere.
Horrela, igandean, oholtzaren gainean dispositibo artistiko batzuk aktibatuko dituzte, betiere inprobisazioari lekua eginez. Orain arte sortu dituzten sinbolo, testu eta lanak erakutsiko dituzte, egindako ikerketa eta bidearen aitortzaren sinbolo izango direnak.
Kulturaz kooperatibak Oihana Arana eta Maria Alonso sortzaileei egin dien elkarrizketa ikus daiteke esteka honetan.