58 mendizale eta giro ederra, Azpeitia-3H-Gasteiz egitasmoaren azkenaurreko ibilaldian

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 15a, 12:03

Otxandio eta Murgia lotu zituzten Lagun Onak MBkoek zapatuan, tartean Hiru Handietako azkena, Gorbeia, igota. Urriaren 18an egingo dute zazpigarren eta azken etapa, Murgiatik Gasteizera.

Lagun Onak mendi bazkunak ia osatu du Azpeitia-3H-Gasteiz, 2025eko etapakako bere egitasmoa. Joan den zapatuan, eguraldi ederra lagun, Otxandio (Bizkaia) eta Murgia (Araba) artekoa egin zuten 58 mendizalek, egitasmoaren seigarren eta azkenaurreko etapa, Arabako lurretan murgilduz eta tartean egitasmoko Hiru Handietako hirugarren eta azkena igoz: Gorbeia.

Otxandion ekin zioten ibiliari mendizaleek, 08:15 inguruan. Astakurutzeko baso dotorean zehar eta Motxotegitik igarota, Ubidera iritsi ziren. Handik ekin zioten Gorbeia gailurrerako bideari.
Eta Gorbeia gainean, giro bikaina aprobetxatuz, bazkaldu zuten ibilaldiko parte hartzaileekin, argazkiak-eta egiteko ere tartea hartuz. Ondoren, Pagazuri tontorretik barrena Sarriara, eta bukatzeko, Murgiara iritsi ziren mendizaleak 16:30 inguruan, 29 kilometroko ibilbide polita amaituta.

Azkena, urriaren 18an

Azpeitia-3H-Gasteiz egitasmoaren zazpigarren eta azken etapa datorren hilean egingo dute Lagun Onak MBkoek, urriaren 18an.

Murgian hasi eta Gasteizen bukatuko dute hori, guztira 21 kilometroko ibilaldia egin ostean. Azke irteera horren xehetasunak eta izen ematearen gaineko informazioa aurrerago emango ditu Azpeitiko mendizaleen elkarteak.

(Argazkiak: Lagun Onak MB. Bilduma osoa, hemen)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide