Haizea Uranga: "Bigarren maila probatzea da nire helburua, eta ahalik eta ondoen aritzea"

Julene Frantzesena 2025ko ira. 14a, 12:12

Haizea Uranga Europarekin jokatutako partida batean. (Utzitakoa)

Bartzelonako Europa taldean hasi du denboraldia Haizea Urangak (Azpeitia, 2003). Realean hainbat urtez aritu ostean, eta emakumeen lehen mailan debuta eginda, Kataluniara joan da atzelaria. Espainiako bigarren mailan dago taldea.

Europa taldean ariko zara hasi berri den denboraldian. Zer moduz egokitzapena?

Ondo, baina egia esan, lehen egunetan, pixka bat kostatu zitzaidan aldaketara ohitzea. Izan ere, Azpeitia utzita etorri naiz Kataluniara, eta oso hiri handia da Bartzelona. Dena den, taldean oso ondo hartu naute hasieratik, eta alde horretatik, oso gustura nago.

Zer moduz hasi duzue denboraldia?

Joan zen asteburuan ekin genion Espainiako bigarren mailako denboraldiari. Valentziaren kontra jokatu eta galdu egin genuen. Denboraldiaurrea uztailaren bukaeran hasi genuen, eta ordutik aritu gara lagunarteko partidak jokatzen eta entrenamendu asko egiten.

Zer dela-eta joan zara Bartzelonako taldera?

Joan zen denboraldian Realeko bigarren taldean aritu nintzen, eta Reala B lehiatu zen liga berean aritu zen Europa ere. Denboraldi oso ona eginda, mailaz igotzea lortu zuen Bartzelonako taldeak. Maila berriren batean aritzeko gogoa nuen, eta aukera ona iruditu zitzaidan mailaz igo berri den talderen batera sartzea; Europarekin aritzeko aukera sortu zitzaidan, eta.... Esperientzia handia duen taldea denez, asko ikasteko aukera izango dudalakoan batu naiz taldera.

Zer moduzko taldearekin egin duzu topo?

Talde oso langilea da. Prestatzaileak eta jokalariak, denak dira langileak. Asko gustatzen zait nola egiten duten lana. Izan ere, bakoitzak duen guztia ematen du taldea aurrera ateratzeko. Esku zabalik hartu naute, jende oso jatorrarekin egin dut topo. Ea emaitza onak lortzen ditugun.

Gracia auzoko taldea da Europa. Zer-nolako kluba da?

Auzoko taldea da, hori azpimarratuko nuke. Pentsa, futbol zelaia auzoaren erdi-erdian dago. Zale ugari izaten dira klubaren partidetan; bai mutilenetan, bai neskenetan.

Realean zazpi denboraldi egin dituzu. Bigarren mailan aritu zaren arren, lehen mailan ere egin zenuen debuta. Nola oroitzen duzu egun hura?

Duela bi urte egin nuen lehen mailan debuta, eta eguna pixka bat luzea egin zitzaidala daukat gogoan; izan ere, ordu zehatzarekin ez naiz oroitzen, baina arratsalde-iluntze partean izan zen neurketa. Aurreko egunean hotelean egin genuen lo, eta eguna partida izaten dugunean igarotzen dugun gisan pasatu genuen; gosaldu, paseatu, atseden hartu, bazkaldu eta partidan zentratu... Deialdian sartuta nengoenez, pixka bat urduri ere banengoen, zelaira ateratzen baldin banintzen punta-puntako jokalariak izango nituelako aurrez aurre. Aldi berean, gustura egin nuen debuta; zelaira atera eta bi lasterkaldi eginda alde egiten dute urduritasunek. Eguna luzea egin zitzaidan, baina jokatu nituen minutuak oso motzak.

Gero, baina, batez ere bigarren taldean aritu zara. Gustura?

Realean aritutako zazpi urteetako oroitzapen oso onak dauzkat. Oso gustura egon naiz taldean, eta taldekide askorekin harreman izugarri ona egin dut. Entrenatzaile taldea ere oso ona zen, eta asko ikasi ahal izan dut haiengandik.

Zer ikasi duzu Realean jardun duzun denboran?

Batez ere, era profesionalean lan egiten. Aste guztian lana ondo egiten ikasi dut, aldi berean; astelehenetik jardunaldiko partida bukatu arte. Talde profesionala izan dut, eta ikusi dut zerbait lortu nahi baldin baduzu, modu profesionalean egin behar dela lana. Bestalde, jokalariarentzat atseginak ez diren egoeretan ere disfrutatzen ikasi dut, lesio uneetan, adibidez.

Pena eman al dizu talde txuri-urdina uzteak?

Izugarria, urte asko igaro ditudalako talde berean eta harreman ugari eraiki ditudalako. Egunerokoan ez naiz pertsona horiekin egongo orain, eta... Gainera, Reala da txiki-txikitatik animatu dudan taldea, eta nahi edo ez, pena ematen du ia ziur ez zarela berriz ere talde horretara itzuliko jakiteak.

Zer helburu dituzu datorren denboraldirako? Eta talde gisa, zer helburu dituzue?

Bigarren maila probatzea da nire helburua, eta ahalik eta ondoen aritzea. Taldeari dagokionez, hasieratik oso garbi dugu helburua: mailari eustea.

Futbolean urteak daramatzazu. Aurrena Lagun Onaken, gero Realean, orain Bartzelonan. Zer balorazio egiten duzu orain arteko ibilbideaz?

Oso positiboa. Lagun Onaken aritu nintzen urteetan oso gustura jardun nuen eta asko ikasi nuen. Realean ere asko ikasi dut, eta oso oroitzapen onak ditut han igarotako urteez. Eta Bartzelonan, oraingoz, oso gustura nago. Bi hilabete daramatzat hirian, baina oso ondo ari naiz taldera moldatzen.

Ametsik bai?

Ez zait asko gustatzen etorkizuneko gauzak imajinatzea. Denboraldirako jarritako helburuak lortzea nahi dut orain, eta bide batez, asko gozatzea helburu horiek lortzeko bidean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide