Antzerki eta dantza garaikide tailerretan izena emateko epea zabaldu du Kulturaz kooperatibak

Julene Frantzesena 2025ko ira. 13a, 09:56

Hainbat lagun dantza garaikideko hastapen ikastaro batean, Dinamoan. (Kulturaz)

Antzerki sormen laborategiaz, gaztetxoen antzerki tailerraz eta dantza garaikideko hastapen ikastaroaz gozatu ahal izango dute herritarrek aurtengo ikasturtean Dinamoa sormen gunean. Kulturazek zabaldu du hiru egitasmo horietan izena emateko epea. Gainera, antzerki sormen laborategiaren eta dantza garaikideko hastapen ikastaroaren nondik norakoak ezagutzeko saio irekiak antolatu ditu.

Kulturaz kooperatibak zabaldu du hasi berri den ikasturtean Dinamoa sormen guneko gorputzaren eremuan eskainiko dituen ikastaroetan izena emateko epea. Herritarrek irailaren 22ra arte izango . Hiru ikastaro eskainiko dituzte: antzerki sormen laborategia, gaztetxoen antzerki tailerra eta dantza garaikideko hastapenak.

Antzerki sormen laborategiko saioak Xanti Agirrezabalak gidatuko ditu, eta urriaren 15etik ekainaren 17ra egingo dituzte, asteazkenetan, 19:30etik 21:00etara bitartean. Matrikularen prezioa 270 eurokoa da –hilean 30 euro–, baina Kultur Bonoa duten herritarrek, jubilatuek nahiz ikasleek 180 euro ordaindurko dute. Ikastaro horren gaineko informazio guztia honako lotura honetan eskura daiteke. Urriaren 12an bukatuko da tailerrean izena emateko epea; honako formulario hau bete behar da horretarako.

Gaztetxoen antzerki tailerra Xanti Agirrezabalak eta Alaitz Olaizolak gidatuko dute. 8 urtetik 16 urtera bitarteko gaztetxoek parte hartu ahal izango dute, eta saioak astelehenetan, astearteetan nahiz asteazkenetan egingo dituzte; ordubetekoak izango dira horiek. Azaroaren 13an ekingo diote ikastaroari, eta ikasturte osoko kuota 160 eurokoa izango da. Irailaren 22an bukatuko da tailerrean izena emateko epea, eta honako formulario hau bete beharko da inskribatzeko.

Dantza garaikideko hastapen ikastaroa Aiala Etxegaraik zuzenduko du, eta saioak urriaren 7tik ekainaren 16ra egingo dituzte, astearteetan, 18:30etik 20:00etara. Ikastaroa 270 euro ordaindu beharko da –hilean 30 euro–, baina Kultur Bonoa dutenek, jubilatuek nahiz ikasleek 180 euro. Urriaren 5a izango da izena emateko azken eguna, eta formulario hau beteta eman beharko da izena.

Kulturazeko ordezkarien hitzetan, dantza eta antzerki ikastaroetan diziplina horien "zirrikituak, moduak, arnasak eta sekretuak ikasteko bideak urratzen" hasiko dira parte hartzaileak.

Froga saioak

Dena den, dantza garaikideko hastapen ikastaroa eta antzerki sormen laborategia zer-nolakoak izango diren jakin nahi duten herritarrek froga saioak egiteko aukera izango dute. Dantzako saio irekia irailaren 30ean, asteartez, egingo dute Dinamoa sormen gunean (18:30). Antzerkikoa, berriz, hurrengo egunean, urriaren 1ean –asteazkena–, 19:30ean hasita, Dinamoan bertan. Saio horietarako ez da aurrez izena eman beharko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide