Ginkana eta bizikleta konponketa zerbitzua, Mugikortasunaren Europako Asterako

Julene Frantzesena 2025ko ira. 14a, 09:36

Joanes Amenabar zinegotzia eta Aiala Ezeiza Ekoetxeko kidea. (Azpeitiko Udala)

Asteartetik astelehenera izango da aste hori, eta Azpeitian bi hitzordu prestatu dituzte: Gipuzkoako Foru Aldundiaren bizikleta konponketa zerbitzua izango da ostegunean, eta umeei zuzendutako ginkana, ostiralean. Ekoetxeak eta udalak antolatutako ginkanan parte hartzeko izena eman behar da aurrez. Bizikleta da aurtengo Mugikortasun Asteko protagonista.

Irailaren 16tik 22ra izango da herritarrak garraiobide iraunkorrak erabiltzera bultzatzea xede duen Mugikortasunaren Europako Astea, eta Azpeitiko Udalak eta Ekoetxeak hainbat jarduera antolatu dituzte data horien bueltan.

Bizikleta izango da aurtengo edizioaren protagonista, eta Eragin pedalei eta babestu planeta lelopean, 6 eta 14 urte bitarteko umeentzako ginkana prestatu dute. Ostiralean izango da hitzordua, Iraurgi ikastetxeko (Jose Artetxe 4) jolastokian, 17:30etik 19:30era. Aurrez eman beharko dute izena ginkanan parte hartu nahi duten herritarrek, honako lotura honen bidez. Gainera, ginkanaz gain, hainbat jolas ere egin ahal izango dituzte hara joaten direnek.

Bizikletaz eta bizikletarik gabe hainbat erronkari egin beharko diote haurre gaztetxoek Betharrametako jolastokian jarriko duten ginkanaren zirkuitua osatzeko. Besteak beste, mugimendu trebetasunari, birziklapenari, mugikortasun iraunkorrari, energiari eta abarri lotutako probak egin beharko dituzte horiek. Mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain, umeek bizikletan trebetasuna garatzea ere nahi dute saioaren bidez, eta beraz, partaideek bizikleta eta kaskoa eraman beharko dituzte hitzordura. Udalak azaldu duenez, gainera, jarduerak irauten duen bitartean, motordun ibilgailuentzat itxi egingo dute Paulo VI. auzunerako sarrera.

Bestalde, Mugikortasun Astearen barruan, Azpeitira ere iritsiko da Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa departamentuaren Jarri zure bizikleta prest Mugirekin kanpaina.  Ostegunean, 10:30etik 14:00etara, Mugi txartel pertsonalizatua duten herritarrentzako bizikletak konpontzeko doako zerbitzua eskainiko dute plazan. Gainera, Mugi txartela eskuratu nahi duten herritarrei laguntza eskainiko diete han.

Hainbat neurri

Mugikortasunaren Europako Astea igarota, mugikortasun jasangarriaren aldeko urratsak egiten segituko duela esan du Azpeitiko Udalak. Hain zuzen ere, horretarako hainbat proiektu dituela esan du erakundeak. Besteren artean, erronketako bat eskoletarako bideak hobetzen segitzea dela adierazi du. 

Horrez gain, zebra bideetako segurtasuna hobetu nahi du udalak, eta horretarako, halakoen gaineko errepasoa egingo duela eta gune arriskutsuetan zebra bideen inguruko aparkalekuak kentzea aztertuko duela iragarri du.

Bestalde, Izarraizpe ikastolaren Perdillegi kaleko eraikinaren aurreko autobusen aparkalekua handituko du erakundeak: bi autobus behar bezala kabitzeko egokituko du gunea. Halaber, San Martin estratan oinezkoei lehentasuna emateko neurriak hartuko dituela jakinarazi du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide