Euskal Herria auzoko bidegorria Azpeititik Azkoitira doan bidegorriarekin lotzeko obrak hasiko ditu astelehenean, irailaren 15ean, Azpeitiko Udalak. Uztaro haurreskolaren aldameneko gunean egingo dute bi bidegorrien arteko lotura, 200 metro inguruko zatia egokituz. Obra hori herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzeko beste pauso bat dela adierazi du udalak.
Guztira, 250.000 euro inguruko aurrekontua izango dute bi bidegorriak lotzeko lanek, eta Art Eraikuntzak enpresak gauzatuko ditu.
Lanak bukatzeko pare bat hilabete beharko dituztela aurreikusi dute.
Oinezkoen pasabidea
Bidegorria egin ahal izateko, hiru bat astean itxi egingo dute Garmendi auzunearen eta Euskal Herria auzoaren arteko lurpeko pasabidea, pasabide horren zolatua ere aldatu egin behar dute. Ondorioz, oinezkoek Garmendipetik Euskal Herria auzora edo Sanjuandegira igarotzeko Azpeitia eta Azkoitia arteko bidegorriko oinezkoen aldetik joan beharko dute. Bestela, Sanjuandegi eta Jose Artetxe arteko lurpeko pasabidea erabili beharko dute batetik bestera igarotzeko.