Euskal Herriaren historian nahiz literaturan, artean nahiz historian sakontzeko aukera izango dute herritarrek datozen hilabeteetan. Izan ere, Azpeitiko Udalak gai horien inguruko bi ikastaro antolatu ditu. Bihar, astelehenarekin, zabalduko dute horietan izena emateko epea, eta saioak urrian hasiko dira.
Batetik, Euskal Herriaren gaur egungo errealitatean eragin duten gertaera historikoak eta mugarri garrantzitsuenak lantzeko ikastaroa izango da. Euskal Herriaren historia izeneko ikastaroa Urolakoen Nafar Zuzterrak taldearen laguntzarekin antolatu du erakundeak, eta Nabarralde fundazioko Beñi Agirrek gidatuko ditu saioak. Guztira lau saio izango dira –urriaren 14an, 21ean, 28an eta azaroaren 4an–; denak Basazabal jauregian egingo dituzte, 18:00etatik 20:00etara.
Azpeitian erroldatuta dauden herritarrek 13,2 euro ordaindu beharko dute izena ematearen trukean, eta hala ez daudenek, berriz, 16,4 euro. Saioetara joan nahi duten herritarrek galdetegia bete eta udaleko Hezkuntza Zerbitzuan aurkeztu beharko dute –udaletxeko bigarren solairura joanda edo hezkuntza@azpeitia.eus helbidera mezua idatzita– , ordainagiriarekin batera. Urriaren 1a izango da horretarako azken eguna.
Bestetik, bosgarren urtez jarraian, Azpeitiko Udalak Literatura, Arte eta Historia ikasgaiak eskainiko ditu Deustuko Unibertsitatearekin lankidetzan. Ikasturtea urriaren 6an hasiko dute, eta ekainera arte egingo dituzte saioak Basazabal jauregian. Aurtengoan, gaur egungo literatura, artea eta historia lantzeaz gain, musika eta zinema ere izango dituzte gai zerrendan.
Deustuko Unibertsitateko irakasleek gidatuko dituzte saioak; astelehenero izango dira, 17:00etatik 19:00etara. Izena emateko epea hilaren 26an itxiko dute, eta parte hartu nahi duten herritarrek galdetegia bete eta Hezkuntza Zerbitzuan aurkeztu beharko dute. Ikastaroa 40 euro ordaindu beharko dute Azpeitian erroldatutakoek, eta 50 euro gainerakoek.
Udalak adierazi duenez, "pertsonen ahalduntzea aktibatu" nahi dute ikastaroekin. Izan ere, erakundearen arabera, "helduen prestakuntza eta aisialdiko esperientziak berrikuntza sozialeko, garapen pertsonaleko eta hobekuntza komunitarioko prozesuak sortzen dituzten gune bilakatzen dira".