Txisteratik herrira barreiatuko da magia urriko lehen asteburuan

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 10a, 16:20

Txisteratik Egun Magikoak jaialdia datorren hilaren 3an eta 4an egingo dute aurten. Ostiralean gertuko magia galarekin hasi eta gala nagusiarekin itxiko dute zapatuan, eta kalean eta tabernetan egingo duten gertuko magia lehiaketa izango da tartean. Sarrerak salgai daude dagoeneko.

Urriaren 3a eta 4a izango dira aurten urteko egunik magikoenak Azpeitian. Izan ere, urriko lehen asteburuarekin iritsiko da Txisteratik Egun Magikoak magia jaialdia.

Gertuko magia gala, aurten berreskuratuko duten kaleko magia lehiaketa eta gala nagusia izango dira hiru hitzordu nagusiak, eta Euskal Herriko hainbat mago ez ezik, kanpotik etorriko diren gonbidaturik ere ez da faltako bederatzigarren aldia beteko duen udazkeneko magia asteburuan –2016an egin zuten lehen aldiz–. Gaur aurkeztu dituzte aurtengoaren egitaraua eta spota –Ainhoa Casco eta Kepa Urbieta aktore lanetan direla– Iago Azkue Iagomagok eta Julen Revuelta Julen Magoak, Leire Sarasua Kultura zinegotziak eta Kulturazeko kideek lagunduta. Horrelako jaialdi bat herrian egitearen aberastasuna eta antolatzaile gazteen ekimena goraipatu ditu Sarasuak. "Herria gogotsu eta irrikaz egoten da egun horiek bizitzeko", gaineratu du zinegotziak.

Gazteak eta puntakoak eskutik

Egiturari dagokionez, joan den urtekoen oso antzekoak izango dira 2025eko Txisteratik Egun Magikoak. Horrela, ostiralean, urriaren 3an, gertuko magia galarekin hasiko da jaialdia, Dinamoa sormen guneko Gorputzaren Eremuko gelan (18:00). Mago gazteak –batik bat Euskal Herrikoak– eta puntakoak eskutik ibili ohi dira Azpeitiko magia jaialdian, eta horren erakusle izango da aurtengo lehen gala, Eneko Gutierrez eta Oier Jurado aurtengo gonbidatu bereziarekin ariko baitira Dinamoan, Paco Agradorekin. Ostiralean bertan, baina "magoei zuzenduta", hitzaldia eskainiko du Agrado berak Dinamoan; gertuko magia galaren ondoren izango da, 20:30ean.

Zapatuan, dagoeneko usadio bihurtu den eta herritar askorentzat bereziena den hitzordua izango dute magoek. 12:00etan hasita, gertuko magia kalera eramango dute hainbat magok, eta tabernetara ere bai. Gainera, lehiaketa formatua berreskuratuko dute. "Tabernariei esker, tabernetan egin ahalko dugu lehiaketa", azaldu du Julen Magoak. Zazpi magok eman dute izena lehiaketarako, eta gustura daude antolatzaileak erantzunarekin. "Jendea animatu da", esan du Iagomagok, eta lehiaketan ariko direnez gain urriaren 4ko eguerdian kalean "mago pila bat" ibiliko direla nabarmendu du. Herritarrei "animatzeko" eskatu die, parte hartuko duten mago gazteei beren babesa ematera.

Zapatu iluntzean Soreasu antzokia betetzera ere dei egin dute Txisteratik jaialdiaren antolatzaileek. 19:00etan hasiko da aurtengo edizioaren azken ikuskizuna, gala nagusia, Joshua Kenneth, Enzzo, Julen Magoa, Tor eta Txoborrorekin. Aipatutako magoen emanaldiez gain, eguerdiko lehiaketaren sariak ere emango dituzte Soreasun.

Txisteratik elkartearen estreinakoa

Gaurko aurkezpena baliatu dute bi mago azpeitiarrek Txisteratik elkartearen sorreraren berri emateko. Gipuzkoako lau mago gaztek osatu dute elkartea: Julen Magoak, Iagomagok, Eneko Gutierrez legazpiarrak eta Maria Arandia errenteriarrak. Kideen gaztetasuna azpimarratu dute protagonistek: 20 urte ditu Julen Magoak, eta 22 beste hirurek.

"Jaialdiak bederatzi urte bete ditu jada, ikusi dugu pixkanaka hazten ari dela osatu dugun mago kuadrillatxoa ere, Euskal Herriko mago gazteak fitxatu eta fitxatu ari gara, eta elkarte bat osatzeko ordua heldu dela iruditu zaigu, hazten jarraitzeko", azaldu du Iagomagok gaurko aurkezpenean. Hain zuzen ere, Txisteratik Egun Magikoak jaialdia antolatzea izango da elkartearen egiteko nagusia, eta horrekin batera, inguruko magoen komunitatea indartzea, gazteei magiarekiko interesa piztea eta etorkizuneko magoak heztea izango dira Txisteratik elkartearen xedeak.

Elkartea aurkeztu eta jaialdiaren xehetasun nagusiak azaldu ondoren, magia eta umore erakustaldi txiki batekin bukatu dute aurkezpena Revueltak eta Azkuek.

Sarrerak salgai

Urriko lehen asteburuko ikuskizunetarako sarrerak gaurtik eros daitezke, Kulturazen webgunean eta Sanagustin kulturgunean.

Gertuko magia gala zein gala nagusia ikusteko ordaindu beharko da –10 eurotan jarri dituzte baterako zein besterako sarrerak–, baina ez zapatu eguerdiko gertuko magia erakustaldia eta lehiaketa jarraitzeko.

Hona hemen, gaurko aurkezpen ekitaldiko argazki batzuk:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide