Trastelekuak egiteko lokal bat erosi du udalak Matxinada plazan

Julene Frantzesena 2025ko ira. 10a, 12:29

Udalak Matxinada plazan erosi duen lokala. (Julene Frantzesena)

Alde Zaharreko bizilagunentzako hamabost trasteleku egokituko ditu udalak oraintsu erosi duen 980 metro koadroko lokalean. Gainera, lokal horren sotoan udal biltegia ere atonduko du erakundeak. Atzo egin zuten udalbatzarrean onartu zuten lan horiek gauzatzeko kreditu aldaketa.

Azpeitiko Udal ordezkariek atzo egin zuten ikasturteko lehen udalbatzarra, eta hiru minuturen bueltako bilkuran bi kreditu aldaketa izan zituzten hizpide. Hain zuzen ere, 305.000 euroko eta 150.000 euroko kreditu aldaketa bana gauzatu ditu erakundeak bi proiektu egiteko.

Batetik, Nagore Alkorta alkateak jakinarazi zuen erakundeak lokal bat erosi duela Matxinada plazan –9 eta 10 zenbakidun lokala–, besteak beste, Alde Zaharreko bizilagunentzat trastelekuak egokitzeko; han hamabost trasteleku egitea aurreikusten du udalak. Gainera, beheko solairuan udal biltegia atonduko dute. Lokala 980 metro koadro ditu, eta duela hilabete batzuk erosi zuen erakundeak. Orain, 305.000 euroko kreditu aldaketa egin du erakundeak obra horiek egiteko.

Horrez gain, duela agintaldi batzuetatik udalak erosita zuen 160 metro koadroko lokal bat plazaren eta Matxinada plazaren artean. Sotoan dago lokal hori, eta udalak orain erosi duen lokaletik sar daiteke hara. Beraz, udal ordezkariek esan dutenez, lokal hori erabilgarri izango da aurrerantzean.

Bestalde, erakundeak Garmendipeko kirol eremuaren proiektua gauzatzeko lizitazioa jarri du martxan, eta horretara bideratu ditu 150.000 euro. Eremu horretarako balizko proiektuak egin nahi dituzten enpresek dagoeneko badute horretarako aukera. Udalak proiektuak jasoko ditu oraingoz; ez du jakinarazi eremu horretan epe laburrean aldaketarik egiteko asmorik duenik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide