Juan Ezenarro 'Berastegi' pandero jotzailea hil da, 83 urterekin

Maddi Txintxurreta 2025ko abu. 25a, 13:15

Berastegi, panderoa ondoan duela, argazkiak eta oroigarriak gordeta dituen etxeko txokoan. (Nagore Aizbitarte)

Juan Ezenarro Berastegi-k trikitiari lotuta eman zuen bizitza. Panderoa jotzen zuen, baita bateria ere, Kupela taldean. Gaur hil da, 83 urte zituela. 

Juan Ezenarro Berastegi (Azpeitia, 1941) pandero jotzailea hil da gaur, 83 urte zituela. Musikari azpeitiarrak trikitiari lotuta eman du bizia, eta Kupela taldeko bateria jotzailea izan zen azken urteetan. Bihar egingo dute haren hileta, 19:00etan, Azpeitiko parrokian.

Izarraizko Berastegi baserrian sortu zen Ezenarro, eta gaztetatik izan zuen gertu trikitiaren mundua. Soinua jotzen hasi zen, baina, elkarrizketa honetan kontatu zuenez, aitak ez zuen instrumentu hori begiko, eta hormaren kontra bota zuen. Laster, baina, panderoak hartu zuen soinuaren lekua.

Bere kabuz ikasi zuen panderoa jotzen, eta Euskal Herriko plaza gehienetan erakutsi zuen bere trebezia hamarkada luzez. Soinu jotzaile handiak izan zituen alboan bateko eta besteko festetan; besteak beste, Laja, Elgeta, Epelde, Arbe, Zabaleta, Maltzeta, Tapia eta Jauregi.

Panderoa ez zen izan, ordea, Berastegik jo zuen instrumentu bakarra: Iñaki Garmendia Laja lagunak animatuta hasi zen bateria jotzen 47 urte inguru zituela, eta Kupela taldearekin oholtzaratu zuen instrumentu hori hamabi urtez,  Xabier Alberdi Zabale eta  Angel Larrañagarekin batera.

2012ko San Jose trikiti jaialdian omenaldia egin zioten Juan Ezenarrori, Azkoitiko Zabale eta maiatzean hil zen Manuel Arrizabalaga Izer musikariekin batera.

Erromeriatik baserrira

Bere sorterrian, Izarraitzen, zuen artaldeak eskatzen zion lan neketsuarekin uztartzen zuen Berastegik trikitia, eta erromerietatik berandu etxeratuta goiz artatzen zituen ardiak. Maria Luisa Alberdi emaztearekin batera Xoxote gazta ekoizten zuen. Gazta egiteaz arduratzen zen Alberdi, eta artaldea zaintzeaz Ezenarro. Hiru hamarkadaz eutsi zion bikoteak gaztagintzari, eta garai oparoenetan 550 ardi izatera iritsi zen. 

Juan Ezenarro eta Maria Luisa Alberdi, Xoxote gaztaren egileak.

Berastegik eta Maria Luisa Alberdik urteetan egindako ibilbidea saritzeko, omenaldia egin zieten 2022an Legazpin ospatu zen Gipuzkoako Artzain Egunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide