Europa motorrean "ikaragarri handia" da

Nerea Uranga 2025ko abu. 24a, 09:00

Edorta Oiarzabal eta Ander LarraƱaga Kopenhagen. (Utzitakoa)

Motoan Ipar lurmuturrera iristeko erronkari helduta abiatu zuten bidaia abuztuaren 3an bi azpeitiarrek. Atzora bitartean hamasei herrialde inguru igarota eta ia 11.000 kilometro eginda zituzten. Egunero egiten dute beren bidaiaren kronika, baina azken egunera arte ez dute kontatuko motorrean Europari itzulia ematearen arrazoia.

Abuztuaren 3an Azpeittik motorrean hasitako bidaiaren 21. eguna zuten atzokoa Edorta Oiarzabal eta Ander Larrañaga motozale azpeitiarrek. Atzo eguerdian hitz egin zuen Gukak telefonoz haiekin, Italian zeuden, Milanen; Europako hamasei bat lurralde zeharkatuta moto gainean, eta ia 11.000 kilometro eginda.

Erronka bat amets hasi zuten bidaia, baina azkenengo egunera arte ez dute azalduko zergatik ari diren Europako itzulia motorrean egiten, ez aurretik. Abuztuaren 27rako dute etxera, Azpeitira, bueltatzeko asmoa. Erronkaren nondik norakoa azaldu du Larrañagak telefonoaren bestaldetik. "Motorrean Ipar lurmuturrera [Norvegia] iristeko erronka jarri genion geure buruari, eta haraino iritsitakoan herrialde baltikoak ikusteko aukeraren alde egin nahi genuen".

Ipar lurmuturra helmuga jarrita, baina biderako ezer antolatu gabe irten zuten bi motozaleek etxetik. "Kanpin dendak hartu genituen motoen atzealdean, eta aurrera”, azaldu du Oiarzabalek. “Genekigun bakarra Europaren goiko muturrera iritsi nahi genuela zen, egunerokoan bidean erabaki dugu nondik nora jo”. Batik bat eguraldiaren arabera hartu dituzte bat edo beste egiteko erabakiak: “Eguraldi batekin hasten dugu eguna eta egunaren bukaeran iristen garen tokian beste eguraldi batekin egiten dugu topo. Tartean, oraintxe izugarrizko zaparradak eta oraintxe eguzkia izaten ditugu, denetik”.

Atzora bitartean hamasei bat herrialde zeharkatu dituzte moto gainean Oiarzabalek eta Larrañagak: Euskal Herritik abiatu ziren, eta bidean izan dira Frantzian, Herbeheretan, Belgikan, Danimarkan, Alemanian, Suedian, Norvegian, Finlandian, Estonian, Letonian, Lituanian, Eslovakian, Polonian, Eslovenian, Hungarian eta Italian.

Eguraldiak baldintzatuta

Orain arte egindako ibilbidean, Larrañagari gehiena Eslovenia eta Eslovakia gustatu zaizkio, "herri txiki asko" ikusi dituztelako herrialde horietan. Beste lurralde batzuetan, ordea, nahi beste ez dute ikusi, eguraldi txarra izan dutelako. “Berez, guk aurreikusitakoaren arabera, politenak fiordoak izan behar zuten, baina guk bakar bat ere ez dugu ikusi eguraldiagatik. Ipar lurmuturra ere polita da, baina han ere ezer ikusteko aukerarik ez genuen izan”, gaineratu du. “Noruegan hiru egun egin genituen, baina zaparrada ikaragarriak egin zizkigun eta behe lainoa zen nagusi. Pena hori badugu pixka bat, baina guk ezin eguraldia aldatu”, erantsi du Oiarzabalek.

Era guztietako errepideetatik ari dira Europako iblbidea egiten, baina ahal duten gehiena bigarren mailakoetatik ibiltzen saiatzen ari dira. “Mendi pistak ere aurkitu ditugu bidean”, diote. Italian, esaterako, ostiralean ia mila biribilgune pasatu zituzten. “300 metro egin eta biribilgunea, beste 300 metro egin eta bestea… bide guztia tankera horretan. Sinestezina izan zen”.

Era askotako errepideak igaro dituzte, eta bidean era askotako jendearekin egin dute topo. “Jende jatorra batik bat Europako goialdean aurkitu dugu. Igoal, pasatzen ari ginen hotzarekin pena pixka bat ematen genielako izango zen baina. Blai eginda iritsi eta jendea etorri zitzaigun sua, jatekoa, dutxak… eskaintzera, laguntzeko prestutasun handia erakutsi ziguten herrialde haietan”. Haizearekin, euriarekin… nahiko gaizki pasatu zutela diote, eta orduan erabaki zutela aurrenekoz hotel batean ostatu hartzea. “Laponian izan zen hori. Sei-zazpi gradu egiten zituen, eta sei ordu euritan motorrean egin ondoren, gelditu eta hotelera joatea erabaki genuen. Blai eginda geunden”. Atzo, Italian, berriz, beroa zuten. “Eguraldiari tamaina ez diogu hartzen”, azaldu dute txantxetan.

Egun gehienetan kanpin dendetan egiten dute lo, baina hoteletan eta etxeetan ere pasatu dituzte gauak. “Bi egun egin ditugu hotelean eta Milanen gaur [atzo] etxe batean geldituko gara lotan. Gainontzeko egun guztietan kanpinetan pasatu ditugu gauak. Egia esanda, kanpinentzako Europa hegoaldea ez dago oso prestatuta, baina Suedia, Noruega, Finlandia… kanpinean ibiltzeko oso ondo daude: kanpinak estalpearekin, sua egiteko prestatutako tokiarekin… Herrialde horietan errazagoa da kanpinean moldatzea”.

Ingelesez justu, eta euskaraz primeran

Hizkuntza aldetik, “ingelesa justukoa” jakinda ere, euskaraz moldatzen ari direla diote. “Letonia aldean-eta beraiek ere ez zuten ingelesez egiten, eta moldatzen ginen". Toki askotan ingelesez jardutea alferrik dela ikusita, euskaraz jarduten dutela esan dute: “Polonian, esaterako, haiek polonieraz eta guk euskaraz jardun genuen”. Behin edo behin ibili dira ura gasik gabea erosi beharrean gasduna erosten ere, “ezin asmatuta”. Batera edo bestera, baina moldatzen direla diote.

Eguneko plana zein duten galdetuta, honakoa kontatu dute. “Goizean jaiki, eta ni Edorta baino bi ordu lehenago bidaiari ekiteko prestaketekin hasten naiz, bera makala delako preparatzen”. Oiarzabalek, berriz, “goizegi” esnatzen direla esan du atzetik. “Ander segituan espabilatzen da goizetan eta niri, berriz, kostatu egiten zait esnatzea. Hor ibiltzen gara pixka bat urduri, baina gero egun osoan oso ondo pasatzen dugu. Motoan abiatzeko prestatutakoan erabakitzen dugu egun horretan nora iritsi nahi dugun, eta mapak agindutakoa egiten dugu gero. Bidean geldialdiak ere egiten ditugu”.

Eguneroko ibilerak

Europan zehar motoan egiten ari diren ibileren berri egunero ematen dute Etenberrin Instagrameko kontuan, eta jendea haiek zer kontatuko zain-zain izaten dela diote. Kontu hori beraiek uste baino oihartzun handiagoa izaten ari da, eta ez zuten hori asmoa. Oiarzabalek azaldu du Instagramen kontatzea nondik nora otu zitzaion: “Azpeititik irten aurretik, lagunek esaten hasi zitzaizkidan egunero bideoak-eta bidaltzeko, nola gebiltzan jakin nahi zutelako. Denei argazkiak eta bideoak bidaltzen jardun beharrean, Instagramen kontua egitea erabaki nuen, hor hasi zen kontua. Nik lagunentzako egitea nahi nuen, baina eskuetatik alde egin digunaren sentsazioa dut. Egun batean edo bestean Interneteko seinalerik ez, eta ez nuen ezer igo Instagrameko kontura, eta hurrengo goizerako jendea galdezka genuen ez al genuen ezer kontatu behar”.

Sakelako telefonoarekin grabatuta azaltzen ditu eguneroko ibilerak. Lagun batek utzi zion kamera txiki bat bideoak grabatzeko, baina hori ez duela erabiltzen dio. “Anderrek afaria prestatzen duen bitartean, nik egunean grabatutako irudiak muntatu eta Instagrameko kontura igotzen ditut. Horixe da gure egunerokoa”.

Egun gutxi barru, abuztuaren 27an, izango dira bueltan bi motozaleak Azpeitian. Orduan argituko dute zergatik erabaki duten biek motorrean Europako itzulia egitea. Etxerako bidean, gaur, Monakon geldialdia egiteko asmoa dute, eta handik Frantziatik etxera. Bitxikeria ugari pasatu dituztela adierazi dute, baina bat nabarmendu dute: “Europako maparen proportzioak ez dira errealak, Europa ikaragarri handia da. Uste baino handiagoa da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide