Astelehenean bost urte beteko dira Ugaitz Kerejeta Lagun Onakeko jokalari ohia hil zela, eta haren omenez, bosgarren oroimenezkoa jokatu dute gaur, larunbata, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian. Lagun Onaken gizonen lehen taldeak eta Realaren gizonen hirugarrenak jokatu dute, eta etxeko taldeak bereganatu du neurketa, 3 eta 0 irabazita.
Partidaren aurreneko zatiko lehen 30 minutuetan, Reala C Lagun Onak baino hobeto sartu da zelaiko jokoan gol aukera batzuk izanda, baina Iker Bastida etxeko atezaina bikain ibili da aukera horiek hutsean utziz. Atsedenean hutsean zegoen Garmendipeko markagailua.
Aldageletatik zelaira bueltan, Lagun Onaken hamaikakoan aldaketak eginda, Reala mendean hartuta jardun dute Riberaren mutilek. 50. minutuan Jagoba Erdozia hernaniar aurrelari bikainaren golak estreinatu du markagailua, 1 eta 0 Lagun Onaken aldera. Hamar minutu geroago, Azpeitiko futbolariek egindako lan onaren ondorioz, bigarren gol bat sartu du Jagoba Erdoziak.
2 eta 0 emaitza alde zuenean, Lagun Onak oso eroso aritu da, Reala C, aldiz, sufritzen. Etxeko taldearen aldeko hirugarren gola 81. minutuan etorri da, Aitor Muñozek egindako jokaldi eder bati esker, Jon Sanchez lasartearrak sartuta.
Ugaitz Kerejetaren oroimenezko bosgarren partidaren emaitza aldekoa izan arren, Lagun Onakentzat gaurko neurketaren bukaera gazia izan da. Izan ere, partidako azken jokaldian Pello Odriozola azpeitiar gazteak min hartu du ezker belaunean. Lagun Onakek futbol klubak adierazi duenez, zenbaterainoko lesioa den jakiteko, jokalariak orain frogak egin beharko ditu ospitalean.
Kerejeta zena oroitzeko tartea
11:00etan hasita jokatu dute denboraldiaurreko lagunarteko kutsuko partida. Neurketa hasi aurretik, ohikoa den eran, Kerejeta zenaren familia bertaratu da Garmendipe futbol zelaiaren erdira, eta omenaldia egin dio Azpeitiko futbol klubak. Iñigo Arregi Lagun Onaken presidenteak eta Lagun Onakeko jokalari batek loreak eman dizkiete Kerejetaren senitartekoei, inguruan ziren bi taldeetako jokalarien eta zelaian bildutako zaleen txalo artean. Horrela, beste urte batez, denen artean gogoratu dute Ugaitz Kerejeta zena, eta Lagun Onak futbol klubak eskerrak eman dizkiete haren senitartekoei eta lagunei, "goiz berezi honetan bat egiteagatik Garmendipeko familiarekin".
Duela bost urte hil zen Kerejeta moto istripuz, eta harrezkero, urtero antolatu du Lagun Onakek haren omenezko oroimenezkoa abuztuan, taldeko jokalaria zena gogoratuz.